Historia txikien bilduma oparoa
Altzako Historia Mintegiak Album altzatarraren ale berria aurkeztuko du bihar Euskal Giroa elkartean. 1953-1978 urteen arteko argazki sorta honekin mintegiaren mende laurdena ospatu nahi dute.
Argazkiek izozturiko uneak gordetzen dituzte, baina bata bestearen ondoan jarrita, erakusten dutena baino gehiago azaldu ohi dute. Horregatik, Album altzatarra irudi sorta baino gehiago da. Argitalpena taxutzen duten 1953-1978 urteen arteko 99 argazkiak Altzaren historia biziaren isla eta garai hura bizi izan zutenei omenaldia ere badira. Garaia garrantzitsua izan zen auzoarentzat, baina baita Altzako Historia Mintegiarentzat (AHM) ere. Izan ere, urte horiek izan baitziren AHMko kideen gaztaroaren lekuko eta elkartearen sorreraren hazia. Ez da harritzekoa, beraz, bilduma hauen kaleratzea AHMren historiari lotuta egotea. Album altzatarraren lehen alea 2006an argitaratu zuten. AHMak orduan 20 urte bete zituen, eta 100 urteko ibilbidea (1887-1986) islatu zuen iruditan. Horren lan arrakastatsua izan zen, ezen oraindik eskuragarri dagoen edizio berria egin behar izan baitzuten. Oraingoak ere urteurren borobilarekin bat egingo du: mintegiaren mende laurdena. Ospatzen dituzten urteak bezainbeste dira, 25, liburuki berrirako aukeratutakoak. 1953tik 1978ra artekoa garai esanguratsua izan zen Altzarentzat, hazkunde eta eraldaketa fisiko nahiz sozialak jasan baitzituen. “Urte horietan gaurko Altza sortzen eta osatzen hasi zen. Eraldaketa garaia izan zen. Altza osatzen duten auzoetan eraikuntza asko gauzatu ziren. Ohituren batzuen aldaketa ere sumatzen da bilduman”, azaldu du AHMko kide Maribel Manzanok. Altzaren itxura eta paisaiaren bilakaera ezagutarazteko bidea izateaz gain, orduko altzatarrei aintzatespena ere bada argitalpena. “Omenaldia egin nahi diogu diktaduraren menpeko urte zailak eta tentsioa bertan bizi zituen komunitate altzatarrari. Jendearen testigantza islatu nahi izan dugu, jaiak, ohiturak, prozesioak, erlijio ospakizunak… erakutsiz”. Izan ere, altzatarrak baitira proiektuaren protagonista nagusiak. Elkarteek eta ia 200 lagunek hornitutako Tokiko Bildumaren 3.000 bat argazkietatik hautatu dituzte AHMko lau kidek albuma osatzen dituzten irudiak. Bi hilabetez lan horretan aritu den Manzanoren hitzetan, “jendeak gure esku utzitako norberaren bildumak dira. Argazkien indarra asko eskertzen du jendeak; gainera, aspaldiko irudiek oroitzapen eta bizipenak partekatzen laguntzen dute”. Nahiz eta material grafikoa nagusi izan, oroitzapenetan oinarritutako leku nahiz pertsonei buruzko informazio osagarria jasotzen duen atala ere badu liburukiak. 10 eurotan salgaiAlbum altzatarraren ale berria Herrerako Euskal Giroa elkartean aurkeztuko dute, bihar, 19:30ean. Bertaratzen direnek ale bana jasoko dute; baina bestela ere eskuragarri izango da. Liburukia nahi dutenek, Casares kultur etxean erosteko aukera izango dute 10 eurotan. Hala ere, Edukia www.altza.info webgunean ere eskuragarri egongo da. Altzatarrek bertatik hartu, dagoena zuzendu edo osatzeko parada dute. Manzanok aitortu duenez, jasotako oharrak eta informazioak aberasgarriak dira. Ekarpen horiek liburu bizia eta berezia egiten dute bilduma. Horregatik, jendea animatu nahi dute parte hartzera. “Gaurtik aurrera argazkietan identifikatzen den jendeak edo leku bati buruzko zerbait dakienak informazioa ematen badigu, askoz hobe”.
Sailak oraingoz bi ale besterik ez ditu, baina bilduta dute material guztiarekin, beste batzuk etorriko direla argi dago. AHMko mintegiak ostegun arratsaldero ateak irekitzen ditu, eta altzatar askok “argazkiak, dokumentuak, bere historia txikia, guretzat handia dena, gure gain uzten du. Jende askoren lanari esker atera daiteke horrelako bilduma, eta askotarako materiala dugu”.