Donostia Europako Kultur Hiriburua izango da 2016. urtean
Zoramena heldu da Madrildik. Donostia Europako Kulturaren Hiriburu izango da 2016. urtean. Duela hiru urte ixilean hasitako proposamen xumea, errealitate bihurtu da. Kulturaren erdigune izango da Donostia bost urte barru. Europako arreta, dena den, Poloniako Wroclaw hiriarekin elkarbanatuko du.
Energia olatua, beraz, tsunamia bilakatu da. Madrilen hasi eta Donostiara heldu dena. Epaimahaiko presidentearen ahotik Donostia entzun, eta hiritik joandako ordezkarien iskanbila eta zalapartak Espainiako Kultura Ministerioaren egoitzan zeudenak gor utzi ditu.
Alaitasun eztanda Juan Karlos Izagirre alkateak bideratu du. Donostia gaurtik 2016 urtea bitartean zabalduko den «ilusio garairako» prestatu beharko dela, eta lanean inoiz baino gogo gehiagorekin arituko direla ziurtatu du.
Izagirreren hitzak gertu-gertutik jarraitu ditu alboan zuen Odon Elorza alkate ohiak. Epaimahaiak, hain justu, Elorzaren gidaritzapean abiarazitako proiektua goraipatu du. Lehenengo galbahea igarotzeko, epaimahaiaren aurrean egin zuten aurkezpena irudimen handikoa izan zela nabarmendu dute. Donostiara egin zuten bisita ere «zoragarria» izan zela gaineratu dute.
Euskara eta normalkuntza
Datozen urteetan, bada, 2016 bitartean, Donostiako ateak zabal-zabalik egongo dira. Izagirrek esan duenez, gizon-emakume guztiei irekitako hiria izango da. Herritarrek ez ezik, euskarak ere Europatik barrena hegan egiteko aukera izango du, hiriak dituen «aniztasunaren» eta «txiki izatearen» balioak barneratzen baititu. Herri bat «euskararik gabe ez delako ezer», hemendik aurrera loratuko den kultur proiektuaren ardatzetako bat bilakatuko da hizkuntza.
Euskararekin batera, normaltasun politikoa aipatu du alkateak. Donostia 2016k herritarrak eta ideologia desberdinak elkartuko dituela adierazi du. Azken batean, hori izan baita epaimahaiak azpimarratu duen beste ezaugarrietako bat; kulturak bakeari eta elkarbizitzari emango dion bultzada. Elkarbizitza horrek lehen pausoak eman dituela erakusteko, alderdi politiko desberdinetako eta kolore anitzeko erakundeetako ordezkariek bat egin dute Madrilen.
Era horretan, hautagaitzaren mami izan diren hiru ildo nagusiak –elkarrekin bizi, hitz egin eta bat egin– barneratzen joan beharko dute poliki-poliki.
Komunikazioa
Donostia 2016 bulegoak, era berean, ezinbesteko egitekoa du hemendik aurrera elkarbizitzarako kultura nagusitzeko egin den kultur programa herritarrei helarazteko, eta paperean finkatutako proiektua donostiar guztiek bere egiteko.
Hori guztia lortzeko lanean hasi baino lehen, ordea, epaimahaiaren arreta bereganatzeko lanean aritu diren herritar guztien interesa eta eginahala eskertu nahi dute. Hortaz, Madrildik etorriko diren ordezkariekin bat egin nahi duten guztiak, gaur, 19:30etan, Nautikora hurbil daitezke, bertan egingo duten festara.