"Ez nuen hautatua izatea espero eta amets batean bezala nago"
Laura Arroyo: EHU Ibaetako saskibaloi jokalaria
Albistea maiatzean jaso zuen, eta duela gutxi baieztatu diote; 20 urtekoen Espainiako Selekzioaren barruan dago.
Easo Saskibaloi Taldean hasi zuen bere kirol ibilbidea Laura Arroyok (Altza, 1991). Gero, Bera Beran jokatu zuen eta, hortik, EHU Ibaetara igaro zen, bere gaur eguneko taldea. Lucas Mondelo hautatzaileari esker, Serbian lehiatuko da, datorren astean, Europako Txapelketan. Hegaleko bezala jokatzen ari da, baina lauko postuan ere jokatu izan du. Espainiko Selekzioarekin bilduta dago, Galizian.
Nola jakin zenuen Espainiako Selekziorako hautatu zintuztela?
Maiatza erdialdean deitu zidaten, ez nuen espero eta sekulako poza hartu nuen. Hala ere, 14 jokalariko deialdia osatu zuten, beraz, bagenekien bi kanpoan geratuko zirela. Galizian lagunarteko txapelketa bat jokatu genuen eta ondoren erabaki zuten zeintzuk osatuko genuen taldea. Aukeratutako guztiak oso pozik ginen, baina aldi berean, kanpoan geratutakoek pena eman ziguten.
Zer suposatzen du zuretzako Europako Txapelketan parte hartzeak?
Sari bat da; ez nuen hautatua izatea espero, amets batean bezala nago. Gertatzen dena gertatzen dela, dagoeneko pozik nago. Ematen dizkidaten minutuetan dena emango dut eta ikasteko prest nago. Badaude hemen sartzeko urte guztian lanean aritzen direnak, hori baita euren helburua.
Beheko mailetako selekzioetan ere hautatua izan zara, aurreko urteren batean, ezta?
Bai. 14 urtetik beherako selekzioan egon nintzen. Eta, 16 urtetik beherako selekzioarekin, nire lehen Europako Txapelketa jokatu nuen, Letonian.
Orduan, esperientzia baduzu. Hala ere, alde handia nabaritu duzu ?
Kadeteetan, hainbat taldeetako jokalariak batu ginen, baina, gutxi gora-behera, maila antzekoa genuen. Orain, berriz, beste gauza batzuk entzuten dituzu; Lehen Maila, Ameriketako Liga, batek pisua duela, besteak kotxea… oso desberdina da, baina gustura nago.
Gaztea zaren arren, dagoeneko jauzi handiak eman dituzu saskibaloian. Ferrolen nago, hori da errealitatea, baina, hasieran, oso ezustean harrapatu ninduen.
Maiatzean deitu zizutenetik, elkarrekin entrenatzen aritu zarete?
Maiatza bukaeran elkartu ginen taldekideak, Bartzelonan. Asteburu batean proba fisikoak egin genituen eta bi entrenamendutan zein egoeratan ginen ikusi zuten. Gero, ekainaren 12an elkartu gien Ferrolen eta hemen egongo gara ostegunera arte.
Eta gero, Serbiara?
Lehenengo, Italiara joango gara eta han lau egun igaro ostean, Serbiara aboatuko gara.
Oso gogorrak izan dira orain arteko entrenamenduak? Zer moduz daramazu kontua?
Gogorra da, bai. Donostian astean lau egunetan entrenatzen dut, arratsaldez. Hemen, berriz, egunero bi saio izaten ditugu, bat goizez eta bestea, arratsaldez. Gainera, egunen batean saio fisikoak ere egiten ditugu eta, korrika egitera joaten gara, edo gimnasiora. Aurretik beraiek esandako ariketa fisikoak egin nituen arren, gorputzeko gihar guztiak minduta izan nituen. Oso gogorra izan zen hasiera. Pixkanaka mina joan zait, hobetzen ari naiz eta erritmoa hartu nuen.
Aurretik ezagutzen zenituen zure taldekideak?
Nire aurkariak izan direlako ezagutzen ditut, gainera, 16 urtetik beherako selekzioan beraiekin jokatu dut.
Eta, Lucas Mondelo entrenatzailea?
Ez. Argazkietatik ezagutzen nuen, baina ez nintzen sekula egon berarekin, aurrez aurre. Oso jatorra da eta gertukoa. Haserretu behar duenean, hala egiten du eta oihuak botatzen ditu. Baina eguneroko lanean, serioa dirudien arren, oso alaia da.
Taldea batzeko denbora izan duzue dagoeneko?
Orain arte bi lagunarteko jokatu ditugu, Turkia eta Poloniaren aurka. Lehenengoa lau punturengatik irabazi genuen, eta, bigarrena, batengatik galdu. Beti esaten dute hasierako lagunartekoak, nahiko txarrak izaten direla. Horrekin ez dut esan nahi, aurreko partidak txarrak izan direnik. Gauza asko dauzkagu hobetzeko eta horretarako denbora dugula uste dut. Askoz hobeto egiteko gai izango gara.
Zein helbururekin zoazte Europako Txapelketara?
Helburua beti gorenera heltzea da. Partida batean edozer gauza gerta liteke eta halako txapelketa luzeetan, ez dakit. Talderen batek beti eman dezake ezustekoa. Espainiak beti lortu du dominaren bat, baina nahikoa izango da nik hori esatea, ez lortzeko. Ahal duguna egingo dugu.
Zure buruari helbururik jarri diozu?
Nire helburua lortu dut dagoeneko, hautatua egotea. Ematen dizkidaten minutuetan nire onena emango dut.
EHU Ibaetan oso ongi aritu zarete, Espainiako Bigarren Ligarik onenean. Orain Europako Txapelketara zoaz. Denboraldi borobila osatzen ari zarela esango zenuke?
Egia esan bai. Ligan, gure multzoko lehenak izan ginen, eta, igoera fasean partidarik ez irabaztea pena izan zen arren, oso ongi pasa genuen. Oraingoa, opari moduan hartu dut. Datorren urtean, taldearekin berriro Liga ona egiten eta igoera fasean onena ematen saiatuko naiz.