Irakurzale eta musikazaleen topagunea izango da Gipuzkoa plaza
Ostiralean zabalduko dute Disko eta Liburu Azoka; %10eko deskontua izango dute erosleek
Udako oporretan urtean zehar irakurtzeko astirik izan ez duten eleberria berreskuratzen dutenak; eguraldi onarekin hondartzara edo parkera liburu batekin joaten direnak, tren edota hegazkin bidaia luzeetan istorio entretenigarrietan murgildu nahi dutenak… Irakurzale eta musikazaleen topagune bihurtuko da bihartik aurrera Gipuzkoa plaza. 36. Liburu eta Disko Azoka zabalduko dute 11:00etan. Bi aste luzez izango da irekita, uztailaren 17a arte.
Hainbat liburu denda, argitaletxe eta banatzailek parte hartuko dute azokan; guztira, 45. «Kultur topagune» bihurtzea nahi dute antolatzaileek. Bertara hurbiltzen diren herritarrek askotariko argitalpenak eskuratu ahal izango dituzte; berritasunak edota azken urtean argitaratutakoak, besteak beste. Gainera, ohiko %10eko deskontua izango dute erosketak egiterakoan.
Hainbat idazle liburuak sinatzera gerturatuko dira Gipuzkoa plazako postuetara. Astebukaera honetan Elena Moreno, Toti Martinez de Lezea, Jon Arretxe, Julian Sanchez, Luis Jimenez de Aberasturi, Jose Ramon Arana eta Xabier Peñalver izango dira besteren artean. Uztailaren 9an eta 10ean, berriz, Carmen Torres, Arrate Egaña eta Bernardo Atxaga. Eta uztailaren 16an eta 17an, Pedro Zarrabeitia, Fermin Erbiti, Elena Gonzalez eta Fermin Gongeta.
Gipuzkoa plazaz haratago ere zenbait jarduera prestatuko dituzte, Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan, San Jeronimo kalean. Liburu aurkezpenak eta poesia errezitaldiak izango dira.
«Donostia Kulturak urtean zehar hainbat ekitaldi egiten ditu, eta ez udan bakarrik», adierazi du Arantza Urkiak Udal Liburutegi Zerbitzuko arduradunak. Ipuin kontalariak, idazleekin topaketak, literatur solasaldiak… «Guzti-guztiak helburu bera lortzeko asmoz: irakurzaletasuna sustatzeko, eta irakurketarekin gozatzeko», gaineratu du. Hain zuzen, bihar Urgulleko liburutegia irekiko dute. Bereziki haurrei zuzendutako egitaraua eskainiko dute bertan. Bestalde, «liburuzain gisa» gomendioak ematen dituztela azaldu du Urkiak, eta urtero bezala, udan irakurtzeko liburuen gida kaleratu dute. Doako aleak dira eta kultur etxe zein liburutegietan daude eskuragarri.
Urtean zehar egindako inkesten emaitzen ondorioetako bat nabarmendu du Urkiak: Jendeak irakurtzeko denborarik ez duela dio, horregatik uste dugu uda garai egokia dela». Liburu Azoken koordinatzaileak, Asier Muniategik, «liburutegi eta dendetara joateko ohitura ez dutenek azokarekin topo egitea nahi dugu» adierazi du. Zaletasuna bultzatu nahi dute.Azoka hauen oinarrian «industria bat baitago. Banatzaileak, argitaletxeak, liburu dendak, eta idazleak, nola ez. Sektoreari indarra ematea garrantzitsua da. Horregatik egiten dugu Euskal Autonomia Erkidegoan azoken inguruan kanpaina». Muniategi baikor agertu da irakurzaletasun datuen inguruan: «%77,4 ingurukoa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Entretenimendurako gero eta produktu gehiago daudenean jendeak irakurtzen jarraitzen duela ikusi dugu».
Egitaraua: liburu eta disko azoka
Uztailak 1. Azoka zabalduko dute (Gipuzkoa plaza, 11:00).
Uztailak 2. Hainbat idazlek liburuak sinatuko dituzte (Gipuzkoa plaza, 12:00etan eta 18:30ean).
Uztailak 3. Hainbat idazlek liburuak sinatuko dituzte (Gipuzkoa plaza, 12:00etan eta 18:30ean).
Uztailak 6. Karmele Igartua eta Tere Irastortzaren poesia errezitaldia (Liburutegi Nagusia, San Jeronimo kalea, 19:30).
Uztailak 7. Jon Arretxek Tangerko ametsak liburua aurkeztuko du (Liburutegi Nagusia, San Jeronimo kalea, 19:30).
Uztailak 9. Hainbat idazlek liburuak sinatuko dituzte (Gipuzkoa plaza, 12:00etan eta 18:30ean).
Uztailak 10. Hainbat idazlek liburuak sinatuko dituzte (Gipuzkoa plaza, 12:00etan eta 18:30ean).
Uztailak 12. Toti Martinez de Lezeak Veneno para la Corona liburua aurkeztuko du (Liburutegi Nagusia, San Jeronimo kalea, 19:30).
Uztailak 13. Miren Agur Meaberen poesia errezitaldia (Liburutegi Nagusia, San Jeronimo kalea, 19:30).
Uztailak 14. Xabier Peñalverren hitzaldia: Dolmenes, cromlech y menhires (Elkar megadenda, 19:00).
Uztailak 16. Hainbat idazlek liburuak sinatuko dituzte (Gipuzkoa plaza, 12:00etan eta 18:30ean).
Uztailak 17. Hainbat idazlek liburuak sinatuko dituzte (Gipuzkoa plaza, 12:00etan eta 18:30ean).