Nekazal eremuak eta hiriguneak bat egingo dute Egiako parkean
Nekazaritzaren jatorria eta bilakaera ezagutzeko erakusketa zabalduko dute ostiralean
Landa eremuari irekiko dizkio ateak Cristina Enea Fundazioak uda honetan. Giro sargoria iritsi da jada eta udako lehen jarduerak ere abian dira Egiako parkean. Landa kulturak izan duen garapena irudikatzeko, Atalantar izeneko erakusketa bisita daiteke parkean. Fundazioko zuzendariak, Txema Hernandezek, adierazi duenez, formatu berritzailea du, kanpoan egin duten lehenengo erakusketa delako.
Cristina Eneak udarako prestatu dituen jardueren bitartez, inguruari beste begirada bat eskaini nahi diote. Hernandezen hitzetan, «orain arte hiriko jasangarritasunean eragina duten kontuak jorratu ditugu: hiritik mugitzeko bitartekoak, hondakinak kudeatzeko sistemak… Oraingoan hiri kanpoaldera begiratu nahi dugu». Alegia, kale eta errepideetatik urrunago dauden baserri eta baratzei egingo diete so, eta horietan lan egiteko era tradizionalak nolakoak ziren berreskuratuko dute.
Laborantzaren jatorria eta historia ezagutzeko, hain justu, uztailaren 1etik aurrera Las patatas y las cosas: lurpeko istorioak erakusketa zabalduko dute. Patata oinarri hartuta, nekazaritzak izango duen bilakaera ezagutzeko materiala jarriko dute agerian. Gainera, Hernandezek aurreratu duenez, inaugurazio egunean patatak banatuko dituzte.
Hala ere, ostirala baino lehen, bihar bertan, zinema zikloa abiaraziko dute egunkari honek aurreratu zuen bezala. Landa eremuan girotutako lau filme ikusiaz ondo pasa eta, bide batez, Egiako parkean gauez patxadaz egoteko aitzakia izango da, emanaldiak 22:00etan hasiko baitira. Udako gauaz gozatu nahi dutenei, beraz, gonbitea egin die Hernandezek: «50-60 lagunentzako eserlekuak jarriko ditugu, baina nahi duena etor daiteke eskuoihal batekin zelaian etzatera».
Natur Txokoa
Ingurumena ardatz duten jarduerak, dena den, ez dira Egiako parkera mugatuko. Urgulleko Gobernadorearen gotorlekuan dagoen Natur Txokoak ostiralean zabalduko ditu ateak eta egunero jolas eta ekimen dibertigarriak antolatuko dituzte. Abuztuaren 31 bitartean, astearte eta asteazkenero, gainera, ekimen bereziak proposatuko dituzte.
Nahiz eta irailean Urgulleko ikasgela itxi, gizarte iraunkorrago baten aldeko ekimenek ez dute etenik izango. Ordurako prest edukiko dituzte Europako Mugikortasunaren Asteko ekitaldiak. Irailean ere Artikutzara txangoa antolatuko dute.
Iñigo Segurola, agendaren aitabitxi
Nekazaritza eta landa eremua oinarri duen agenda babesteko zein hoberik Iñigo Segurola paisajista baino. Cristina Enea Fundazioak prestatutako agendaren aitabitxia txikitatik ibili da baratza artean. Horrek naturaren zikloarekin bat egin eta naturarekiko jarrera umilagoa izaten laguntzen dioela dio Segurolak. Landare munduan aditu denak bere egin du hurrengo esaera txinatarra: «egun batez zoriontsu izateko, mozkortzea da bidea; astebetekoa lortzeko, bidaia bat egitea; bizitza guztirako zoriontasuna, berriz, baratzea edo lorategi bat landatzea da».