Sofbola eta patinak
Aste honetan egiten ari dira Ekintza ikastolan IV. Pablo Prigioni Saskibaloi Campusa; udalekuari izena ematen dion jokalariaren bisitarekin bukatuko da.
Bost egunetan ezin da eliteko saskibaloi jokalaria sortu. Baina, epe horretan ondo pasa eta kirolarekiko atxikimendua areagotu daiteke, eta horixe bera da Pablo Prigioni Saskibaloi Campusaren antolatzaileen helburua.
Laugarren urtez Ekintza ikastola bilakatu da Prigioni jokalariaren izena daraman udalekuaren egoitza. Bertan, 6 eta 16 urte arteko 150 lagun bildu dira aurten ere. Antolatzaileek diotenez, iazko formulak oso ondo funtzionatu zuen eta aurten ere bide beretik jotzea erabaki dute.
Bost egunez, 09:00etatik 19:00etara kirolean murgilduta izango dira Donostia eta Goierritik iritsitako 150 haurrak. Programa, ordea, bete-betea izango dute. Saskibaloia oinarria izanik, beste hamaika aktibitate izango dituztela, hainbat kirol ezagutzeko aukera, material zozketak edota txikienentzako gaztelu puzgarriak. Antolatzaileek diotenez, bestela, oso egun luzea izango litzatekeelako.
Begiraleei dagokienez, saskibaloiaren munduan ezagunak diren pertsonek parte hartuko dute; besteren artean, Ibargutxi Iraurgiko jokalaria edo Almandoz Askatuak-eko jokalari ohia.
Saskiak eta baloiak aste osoko ekimenen ardatzak izango badira ere, saskibaloiaz gain beste kirol batzuk ere jorratuko dituzte. Antolatzaileek, asmo horrekin, hiriko beste taldeetara jo dute laguntza bila. Hori dela-eta, Txuri Urdineko begiraleak patinen gainean ibiltzen erakusten ari zaizkie haur batzuei, sofbol federazioko kideek gauza bera beste batzuekin egiten duten bitartean.
Alor honetan ere, berrikuntzaren bat edo beste izan dute, «Kirol egokituko federazioa gurekin harremanetan jarri da, eta gurpil aulki gaineko saskibaloian aritzeko tresnak utzi dizkigute», adierazi dute antolatzaileek. Donostiako Richard Oribe igerilari paralinpiarraren bisita espero dute campusean.
Hirian izango da ere, ostegun eta ostiralean, Pablo Prigioni bera; eta txikienek ezagutzen ez badute ere, helduenak Real Madrileko jokalaria ikusteko irriki