"Bereziki, egunak antolatzea da zailena, inguruko lagun askorekin egon behar baitut"
Jesus Garmendia: Zaldizko profesionala
Nazioarteko Hipika Lehiaketa egongo da jokoan, ostiraletik igandea bitartean, Loiolan: Jesus Garmendia zaldizkoa izango da hiriko ordezkaria eta lehenengo postuetan ibiltzea espero du.
Bere lanbidea dela eta, Bartzelonan bizi da Jesus Garmendia (Donostia, 1965). Egun hauetan, ordea, hirian dago, jauzi txapelketarako prestatzen. Hiriko kirol lehia zaharrenetarikoa da, eta 100 zaldizko baino gehiago lehia bizian ikusteko aukera egongo da. Ikusleentzako sarrera doakoa izango da eta, egunean, lau proba egongo dira jokoan, 10:00etatik 20:00etara.
Bartzelonatik Donostiara etorri zara lehiatzera. Gogoz?
Antolakuntzakoek bota didate erronka, etxekoek. Beraz, ongi hartu dut, indar gehiagorekin aritzeko modua baita. Donostian animoak eman nahi dizkidan jende asko dago eta beraiek pozik uzten saiatuko naiz. Donostiara natorrenean, beti izaten dut bultzada berezia eta, proba batean ez bada, bestean, lehenengoen artean egotea espero dut.
Donostia Saria pare bat aldiz irabazia duzu. Badaukazu lortu gabeko sariren baten arantzarik?
Egia esan, behin Donostia Saria irabazita, pisua kendu nuen gainetik. Gipuzkoako Kopa sekula irabazi ez izanaren erronka bota didate aurtengoan… baina ez daukat arantzarik. Orain etor datorkidan edozer gauza, ongi etorria izango da. Beti saiatzen naiz, baina dagoeneko asetu naiz, eta badakit oso zaila izango dela. Arantzaren bat izatekotan, hemendik kanpoko beste lehiaketaren batean izango nuke, Dublinen edo.
Berezia izango da zuretzako Donostian lehiatzea, ezta?
Noski. Niretzako zoragarria da. Nire ama, arrebak, familiakoak eta lagunak egongo dira. Betiko errutina mozten du eta, kirol mailan, zailagoa da, urduritasuna ere hor baitago. Bereziki, egunak antolatzea da zailena, inguruko lagun askorekin egon behar baitut.
Loiolako Hipikan lehiatuko zara. Hor bertan hasi zinen zu zaldian ibiltzen, txikia zinela.
Hori da, hortxe hasi nintzen. Ordutik asko aldatu da, normala den bezala. Oroitzapen asko datozkit burura, onak gainera. Txikia nintzela zaldi bat nuen, zer gehiago behar nuen? Ukitu, garbitu, gainean ibili… haurrei orokorrean animaliak gustatzen zaizkie eta zaldiak itsutu egiten du.
Lehiaketa garrantzitsua egongo da jokoan. Badakizu zeintzuk izango diren zure aurkari nagusiak?
Bueno, ezagunenak badakit zeintzuk diren, baina urtero gaitasun handiko kirolariak agertzen dira. Gazteak direnez, ez dira oso ezagunak, baina maila handia dute. Mexikotik eta Kanadatik, esaterako, talde onak datoz, baina ia ez ditut ezagutzen.
Zein zaldirekin arituko zara?
Calvaros & Koncert eta Perle Condeani, ziur. Zalantzak ditut, Lord Du Mont Milonekin probarekin egin ala ez. Izan ere, berarekin parte hartuko dut Europako Txapelketan.
Europako Txapelketan, Olinpiar Jokoetarako txartela lortzen saiatuko zara.
Irailean jokatuko dugu, Madrilen. Nahiko zaila ikusten dut, dena aukera bakarrean jokatzen baitugu. Iaz, Kentuckyn Munduko Txapelketan lehiatu ginen, baina taktika desberdina izan zen. Lehiaketa askotan parte hartu genuen aurretik eta ongi joan zitzaigun. Aurten, iaz baino lehia gutxiagotan parte hartzen ari naiz, zaldiak atseden hartzea nahi dut. Iaz ikusi nuen pista guztietan jauzi onak emateko gai zela, eta Madrileko pista ongi ezagutzen du. Dena Madrilen jokatuko dut, Olinpiar Jokoetarako sailkatzea baita helburu nagusia.