Hurbilekoari eta urrunekoari egindako begirada
Loiolako, Martuteneko eta Txomin Eneako bizilagunen hausnarketak jasotzen dituen erakusketa da ‘Hiriko Ahotsak’; Martutenen erakutsi ostean, Loiolako kultur etxean egongo da uztailaren 31 arte
Hiriko Ahotsak. Martuteneko Etxarriene gunetik azken asteetan pasa direnentzat ez da arrotza izango. Loiolako, Txomin Eneako eta Martuteneko zenbait herritarren ahotsak biltzen dituen dokumental sorta da. Bertan plazaratzen diren gogoetak entzun nahi dituztenek, uztailaren 31 bitartean, hilabete dute Loiolako kultur etxera joateko.
Ordu erdi inguruko zazpi ikus-entzunezkoetan banatuta, irribarre egiteko pasarteak, negarrari eusteko zail diren oroitzapenak eta gogoetarako hamaika hausnarketa biltzen ditu erakusketak. Entzulea patxada ederrean egindako elkarrizketetan barnera daiteke. Auzokide izanda ere norberak bizi duenarekin alde nabarmena dagoela pentsatuko dute batzuk; beste batzuk, aldiz, eurek bizi duten egoerarekin bat datorrela ohartuko dira.
Izan ere, hiru ordu eta erdiko dokumental sortan hamaika dira ahotsak, hamaika ere gogoeta eta pasadizoak. Azpiegiturak, elkarbizitza, etxebizitza, auzo elkarteen lana eta beste hainbat gai jorratu dituzte; denak herritarren, kaleko jendearen ikuspegitik landutakoak, Loiola, Txomin Enea eta Martuteneko nortasuna eraikitzen duten bizilagunengandik.
Herritarrek plazaratutako iritziak izanagatik, halere, ez dute indar gutxiago. Kultur proiektua burutu duen Okupgraf taldeko Iñigo Royok adierazi bezala, «edozein udal zinegotzik ikusi beharreko bideoak dira».
Lehengo giroa itzaltzen
Udalean hartzen diren erabakiek bizilagunen oniritzia eta babesa duten ala ez sumatzeko balio du. Auzoa biziberritzeko Loiolan jasan zituzten bi urteko lanek auzoaren izaeran izan duen eraldaketaz ohartzeko baliagarria da, esaterako.
Espaloiak zabaltzeak bigarren ilara desagerrarazi du auzoan. Aitzitik, Aralar Mendia kaleak zuen bizitasunean eragin zuzena izan duela kexu dira, lehen Hernani aldera zihoazen gidariak ez direlako orain auzoan geratzen. Lan horiek direla edota gizarte ohiturak aldatu direla, auzoko bizitasuna itzaltzen ari dela eta jendea edozerk gogaitzen duela orain azaldu dute. Taberna kopuruaren beherakada izan daiteke baieztapen horien adierazgarrietako bat. Azken urteetan erdira jaitsi dela kalkulatu dute.
Auzotarrekin topo egin eta solasean aritzeko tabernak gutxitzen ari badira ere, elkarbizitza arazoak ez dira areagotu. Alderantziz, auzotarrekin nahiz kanpotik etorritakoekin harreman ona dutela nabarmendu dute loiolatarrek. Kuartelera doazen militarrekin, esaterako, gorabeherarik ez sekula dutela izan eta auzoan nahasturik dabiltzala diote.
Azken urteotako indarkeriak, baina, nahasketa horri ateak itxi dizkiola jakitera eman dute. Lehen, hala nola, koarteletan sar zitekeen, San Fernando egunez diana jotzen zuten edota ibai bazterrean militarren zain egoten ziren neskalagunak ikusten zituzten.
Ikus-entzunezkoetan parte hartu duten bizilagunek, hain justu, ez dute indarkeriaren gaia alboan utzi. ETAk hildako Ramon Diaz Garcia Donostiako komandantziako sukaldariak auzoagatik egindako lan eskerga goraipatu dute eta gertaerak auzoan erasan zuela gogoratu dute. Ez dute aipatu gabe utzi, 1980. urteko maiatzaren 8an, Loiolan Batallon Vasco Españolek Maria Jose Bravo del Barrio 16 urteko gaztea hil zuenekoa ere.
Martuteneko espetxea
Gogoangarria da, halaber, Martuteneko espetxean boluntario lanetan aritu den Ireneren lekukotasuna. Kartzeletako errealitate iluna argitzeko ekarpena da. Egoera gordinen lekuko izan da, eta haren hitzetan, «espetxea baino infernu handiagorik ez dago». Askatasunik gabeko zigorra ezarri bai, baina, Martutenen dauden bezala, ezin kabiturik egotea onartezina dela azpimarratu du. Elkarrekin bizitzea oso zaila dela ohartarazi du, askok buruko gaitzak dituztelako eta tratamendu berezia beharko luketalako. Oinarrizko giza eskubideak denek merezi dituztela uste du, baita presoek ere.
Espetxe sistema kolokan jarri duten moduan, bideo erakusketara joan beharko luketen udal zinegotziek ere egungo babes ofizialeko etxebizitza sustatzeko politikekin bat ez datorren herritarrik badagoela ikusiko dute. Txomin Eneako bizilagunak dira etxebizitzaren inguruan solasean ari direnak. Auzune berria eratzeko aurreikusita dagoen proiektuan, egun dituzten gabeziei erantzuteko aukera ikusten dute. Hala ere, egun sustatzen ari diren babes ofizialeko etxeen poltikarekin denak bat ez datozela argi utzi dute elkarrizketatuek.
Azpiegiturak
«Lau zakarrontzi jarri» eta gainontzean Loiola eta Martutene arteko auzuneaz ez direla gogoratzen kritikatu dute. Martutenekoak, berriz, hiriak behar dituen azpiegitura handiak bertan jartzeko besterik ez direla oroitzen aditzera eman dute.
Baserri eta zelaiez inguratutako auzoa asko eraldatu da. Martutene inguruko baratzak desagertzen ari diren bitartean, Bulebarrean azak eta letxugak landatzen dituztela diote umorez.
Adinekoek gogoan dute Irundik lehendabizikoz Talgo trena atera zen eguna; eskolatik atera ziren auzotik pasatzen ikusteko. Orain, beste tren batek, abiadura handiko trenak, ditu arduratuta. Zer gertatuko den ez dakiten arren, zementuari ateak itxi eta euren ondarea mantentzeko grina sentitzen dute.
Azpiegiturez gain, Martutenek, Loiolak eta Txomin Eneak eskaintzeko asko dutela aldarrikatu dute. Urki parearen berritu duten pasealekua, esaterako, bizilagunen gustuko ekintza izan da, ibaiaz gozatzeko aukera handiagoa eskaintzen dielako. Azken batean, nahiz eta Kontxako lilurarik ez izan, ibaia eta bazterrean dituen eraikinak inguruko herritarren erakargune garrantzitsua izan daitezkeela zalantzarik ez dute.
Marian Larzabal: Okupgraf taldeko kidea
«Balio handiko jendea dago edonon»
Esperientziak izeneko egitasmoa izan zen Okupgraf taldearen lehenengo lana. Gipuzkoako hainbat txokotako 60 urtetik gorako herritarrei grabatutako solasaldiak izan ziren. Garaiko protagonistekin XX. mendea nolakoa izan zen irudikatzea zuten xede. Esperientziak lanetik abiatuta, fabrika eta auzoa uztartuko zituen lana egin zuten Tabakaleran. 12 bideo izan ziren, sei fabrikari lotutakoak eta beste seiak auzoari. Añorgan ere Rezola fabrika oinarri duen emanaldia egin zuten. 12 elkarrizketa egin zituzten eta 20 minutuko bideoa osatu zuten, mendeetako bilakaeraren berri emateko. Rezolak duen museoan dago ikusgai.
Lehenengo egitasmoaren eta azkenaren artean alde handia al dago?
Lan egiteko era aldatu egin da Esperientziak egitasmotik hona egindako lanetan. Proiektu honetarako bideoak aurkezterakoan, esaterako, auzoko irudiak sartu ditugu, mugimendua… Kamara aurrean ari den hizlariaren irudia apurtu dugu. Auzoan barneratzen ahalegintzen gara, nolakoa den eta nolakoa izango den irudikatzeko.
Solasaldi guztiak laburbiltzeak mardula izan behar du, ezta?
Okupgraf Iñigo Royo eta biok osatzen dugun arren, edizio teknikariarekin batera, hirukotea ari gara lanean; elkarrekin egiten dugu barre eta liskar. Teknikaria Madrilen bizi da orain. Hortaz, edizioa hasi aurretik, Iñigo eta biok bideo guztiak ikusten ditugu eta pasarterik interesgarrienak aukeratzen ditugu. Madrilen, beraz, komentuan bezala murgiltzen gara. Goizeko 8:00etan hasi eta 22:00 bukatzen dugu. Bazkaltzeko bakarrik hartzen dugu atseden. Beharrezkoa da geratzea, hainbeste irudi ikusteaz eta gauza bera behin eta berriz entzuteaz nekatu egiten zarelako.
Zenbat denbora behar duzue ordu erdiko bideo bat muntatzeko?
Ordu dezente behar ditugu bideo guztiak osatzeko, solasaldi bakoitzak 90 eta 150 minutu artean irauten du. Pentsa, 18 elkarrizketa egin genituen eta guztiak orraztu behar dira.
Elkarrizketa egin aurretik, gainera, elkarrizketatuak aukeratu eta auzo baikotzaren inguruko informazioa bidu beharko duzue.
Auzoa ondo ezagutzen duen Loiolako kultur etxeko zuzendariak, Jon Urbietak, eta Martuteneko talde bultzatzaileak lagundu digute horretan. Haiek bidea ireki ziguten eta gero elkarrizketatzen duzun jendeak beste auzotar batzuen berri ematen dizute. Grabatzen hasi aurretik, hala ere, kamera aurrean hitz egiteko erraztasuna nortzuk duten ikusi eta proiektuan parte har dezaketen aukeraketa egiten dugu.
Azken esperientzia honekin zer ikasi duzu?
Balio handiko jendea dagoela edonon. Auzoaren alde eta on egiteko prest dagoen jendea egon badagoela eta gehien kexatzen direnak direla gutxien egiten dutenak. Hortaz, taldean zer edo zer lortu nahi duenak derrigor jarri behar du bere aletxoa. Auzo desberdinetako istorioak diren arren, unibertsalak dira denak: Etxebizitzaren prezio altuak, azpiegitura handiek dituzten ondorioak, espetxea… Bideo batean parte hartzen duen bolontarioetako batek zalantzan jartzen du espetxe sistema. Presoek jasan behar duten tratu txarra.
Zein beste pasarte nabarmenduko zenituzke?
Indarkeriaren eta egoera politikoaren inguruan egiten duten hausnarketa. Interesgarria da, era berean, Abiadura Handiko Trenaren inguruko eztabaida edota hainbeste eraikitzea beharrezkoa den ala ez egiten duten gogoeta; babes ofizialeko etxeen politika gogor kritikatzen duenik ere badago.
Eta hemendik aurrera zer?
Hiriaren erradiografia egiten jarraitu nahiko nuke. Egunerokoa ziztu bizian aldatzen ari da eta etorkizunerako testigantza interesgarria da.