Antiguako, Miramongo eta Bidebietako kontsumo taldeei laster Amarakoa eta Egiakoa gehituko zaizkie. Asmo horrekin, bi auzotako hainbat bizilagun, EHNE sindikatuaren laguntzarekin, familia gehiagoren bila dabiltza.
Kideek barazki saskiak jasotzen dituzte astero (Antiguatarrak Kontsumo Taldea)
Egungo kontsumo eredu nagusiaren aurrean, bide berriak bilatzen dituztenak gero eta gehiago dira. Bitartekariak ahaztu, eta ekoizleari zuzenean erostea erabaki du jende askok. Horregatik, kontsumo taldeak ugaritu egin dira azken urteetan. Hirian hiru talde badira, Antiguan, Miramonen eta Bidebietan; eta beste bi antolatzeko lanetan ari dira Egian eta Amaran. Horregatik, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE) deia egiten die kontsumitzaile nahiz baserritarrei ekimenean parte har dezaten.
Zer da kontsumo taldea?
Auzo bietako hainbat bizilagun ari dira taldea osatze lanetan. Bakoitza 20 bat familiak osatzen dute, eta baserritar batekin harremana izango du. EHNEko Pedro Alberdik azaldu duenez, taldeak modu autonomoan antolatzen dira, bitartekari gabe, eta baserritarrarekin batera zer ekoiztu erabakitzen dute. Familiek saski osoak edo saski erdiak jaso ditzakete. “Otarre osoa lau bat helduk osatutako familientzat da, eta otarre erdia, haur txikia duen bikote batentzat, adibidez. Betiere eskariaren arabera”, argitu du Alberdik.
Baserritarrek baratzetik gertu dituzten herrietan saltzea nahiago izaten dute. Irizpide horri jarraituz, Aritz Lujanbio Bidebieta inguruko bizilagunen hornitzailea da. Baratza auzoan bertan du, eta han sortutako produktuekin osatzen ditu otarreak. Baratzaren funtzionamendua eta kudeaketa ildoak zehazteko hilabetetako prestaketaren ondoren, matxoan ekin zioten proiektuari; baina sasoiko elikagaiak izanik, maiatza hasiera arte ez zuten lehen banaketa egin.
Astero edo hamar egunetan behin, 15 saski ematen dituzte, baina hartzaile gehienek erdia jasotzen dutenez, 30 bat familiatara iristen dira. Oraingoz barazkiak besterik ez dira, bestelako produktuak gehitzen joateko nahia badute ere. Larunbatekoak, esaterako, azenarioak, lekak, letxugak, tipulak, zerbak, kuiatxoak eta errefauak zituzten. Hauetako bat Izaskun Ruiz de Gauna intxaurrondotarra izan zen. Hilabetean 60 euro ordaintzen dituzte, 30 euro erdia nahiago dutenek. Ruiz de Gaunak dioenez, “horrekin guztia ordaintzen da. Ez da barazkien prezioa bakarrik, gastuak eta Aritzen soldata kontuan hartzen dira ere”. Izan ere, Lujanbiok aitortu duenez, baratzetik bizitzea zaila da. “Gogorra da, ez da ateratzen erraza. Diru gutxi egiten da, baina jarraitzeko eta gauzak egiten mantentzeko indarra ematen dizu”.
Elikagai ezagunak
Intxaurrondotarra kontsumo eredu berri baten alde egiten duen deshazkunde taldeko kidea da. Egitasmoaren filosofia gustuko duelako erabaki zuen bat egitea. “Bertako produktuak, ekologikoak eta gertukoak izateaz gain, ekoizlea babesteko balio du”. Joera horrek, guztiei onura ekartzen diela uste du. “Badakizu nondik datozen barazkiak eta noiz behinka izaten diren, Alemanian gertatu berri dena bezalako arazoak ekiditen dituzu. Non ekoiztu den badakizu, eta ezer gertatuz gero, badakizu non dagoen sorburua”. Lujanbioren hitzetan, talde kideen eta hornitzailearen artean sortzen den harremana funtsezkoa da. Horregatik, elkar ezagutzeko xedez, bere baratzean kontsumitzaileak beti dira ongietorriak. “Askok ez ninduten ezagutzen, eta hasi aurretik baratzera etorri ziren hasi aurretik. Lurra ikusi zuten eta lana nola egiten duten ikusi nahi badute, etor daitezke. Guregan konfiantza dute, hori oinarrizkoa da, asko laguntzen du”, gehitu du Lujanbiok.
Egiatarrei eta amaratarrei deia
Egia eta Amarako kontsumo taldeekin lehenbailehen hasteko asmoa dute. Horregatik, kontsumo eredu berri baten alde egin nahi duten baserritar eta auzotarrak animatu nahi dituzte parte hartzera. Interesa dutenek Pedro Alberdirekin hitz egin dezakete izena eman edo informazio gehiago jasotzeko. Horretarako bi bide daude:
pedro@ehneg.net helbidera idaztea edo 615 76 7086 telefono zenbakira deitzea.