AItziber Garmendia eta Ainhoa Garai dira 'Baginaren bakarrizketak' obrako protagonistak.TXALO PRODUKZIOAK
Emakumearen sexualitateaz lotsarik gabe hitz egingo du aktore gazteak Antzoki Zaharrean. ‘Baginaren bakarrizketak’ obra ostiraletik igandea bitartean izango da ikusgai.
Baginaz lotsarik gabe, eta argi eta garbi hitz egitea; eta emakumeak lotsa eta erruduntasun sentipenetatik askatzea. Hura izan zen New Yorkeko Eve Ensler antzerkigilearen helburua. Hark idatzi zuen jatorrizko obra, ‘The Vagina Monologues’, 1996an. Adin, herrialde, kultura eta arraza desberdinetako berrehun emakume elkarrizketatu zituen. Haien bizipenekin osatu zuen testua.
AEBetan estreinatu zutenetik ehundik gora hizkuntzatara itzuli dute, eta mundu osoan zehar ibili da bidaian etengabe. Gehien antzeztutako testu garaikideen zerrendan dago. Txalo konpainiak euskaraz taularatuko du. Aitziber Garmendiak (Martin, Emakumeak izarapean) eta Ainhoa Garaik (Goenkale, Ilunpean) plazaratuko dituzte emakume haien kezkak, lotsak, zalantzak eta beldurrak. Garmendiak (Zaldibia, 1982) Irutxuloko Hitzarekin hitz egin du obrari buruz.
Hainbat antzerki konpainiek antzeztu dute taula gainean. Obran lanean hasi baino lehen ikusi al zenuen antzokiren batean?
Txalok Baginaren bakarrizketak antzezteko proposatu zidan, eta obra ezagutu nahi nuen. Jakin-mina nuen. Zer izango da? Nola kontatuko dute? Testua ezagutzen nuen oso ezaguna delako, baina ez nuen sekula eszenatokian ikusi. Udan Madrileko konpainia batek ekarri zuen Donostiara, Antzoki Zaharrean hain zuzen. Hura ikustera joan nintzen. Kasualitatea da, baina urtebete eta gero Antzoki Zaharrean izango naiz ni lan berarekin.
Euskarazko bertsioan pentsatu al zenuen orduan?
Kosta egin zitzaidan imaginatzea euskaraz nola izango zen. Momentu hartan zaila izan zen euskarazko bertsioan pentsatzea, baina begira… posible da. Itzulpen oso txukuna egin zuen itzultzaileak, Inma Infiestak. Bakoitzak gure ekarpenak egin ditugu; beti daude esaldi batzuk erosoagoak direnak modu batera edo bestean esatea. Ainhoa Garai arrasatearra da, eta ni berriz, zaldibiarra. Oso euskara desberdina erabiltzen dugu. Dena den, kasu gehienetan, Inmak itzulitakoa mantendu dugu eta bakoitzak gure ukitua eman diogu.
Zenbat hitz daude euskaraz bagina esateko?
Joxepa, txuritxiki, txontxo, potxorro, pottola, morkola, zera, zerako zera, asuntoa, aldeak, lotsariak… eta mila gehiago. Ni neu harrituta geratu nintzen. Gaztelaniazko obran sinonimo pila bat esaten zituzten bata bestearen atzetik. ‘Euskaraz ez daude hainbeste hitz’, pentsatu nuen. Baina bai, badaude! Tarteka erdarakadaren bat sartuz, baina bada hitz zerrenda luzea.
Zuk zeuk lotsa galdu behar izan al duzu obran parte hartzeko?
Etxean zein obra prestatzen ari ginen galdetu zidatenean ba… ‘Baginaren bakarrizketak’. Bai, lotsa apur bat bai eman zidan. Baina egia esan oso ohituta nago. Sexuaren inguruan lan egin dut beste zenbait antzezlanetan, eta beraz, lana samurragoa izan da nolabait. Pentsa, 13 urterekin Dario Fo-ren ‘Hitz egin dezagun sexuaz’ obra egin nuen… eta gero Tanttakaren ‘Emakumeak izarapean’ heldu zen… Sexua beldurra galtzen diozun gai bat da. Geroz eta gehiago hitz egin, geroz eta gehiago landu, lotsa galtzen duzu. Baina sexua bada oraindik tabua, eta oraindik ere harridura sortzen du ‘Baginaren bakarrizketak’ bezalako izenburua entzutea.
Erronka handiena beharbada naturaltasuna lortzea izango zen?
Begoña Bilbao zuzendariaren helburua hori izan zen hasieratik. Kontatzen ditugun bizipenak benetakoak izatea ere garrantzitsua izan da jakina, izugarri lagundu digu. Badakigu kontatutakoa benetan gertatu dela, eta sinistu ahala, benetakotasuna eman diogu. Eta beste gauza oso garrantzitsu bat Ainhoa Garai eta bion arteko kimika izan da. Aldez aurretik ezagutzen genuen elkar, eta oso harreman ona izan dugu. Lagungarria izan da eszenatokian. Inor konturatzen ez den jolas bat badago gu bion artean. Inoiz ez dugu elkarrekin lan egin; hau izan da lehen aldia. Unibertsitatean ezagutu genuen elkar. Ahozko azterketan zuzenbide erromatarraren irakasgaian beti elkarrekin tokatzen zitzaigun, abizenagatik. Bera Garai, eta ni Garmendia. Nik esaten nion ‘Ainhoa, hau egin baldin badugu, beste zerbait egin behar dugu elkarrekin’. Eta pentsa, zuzenbide erromatarraz hitz egitetik, baginaz hitz egitera heldu gara.
Umorez bustitako pasarte eta istorioak dira. Zein da zure ustez dibertigarriena?
Adibidez, lehen aipatu dizudan baginaren sinonimoen zerrenda amaigabea. Orgasmoak eragindako oihu edo intzirien inguruko pasartea oso ona da. Momentu horrek beti funtzionatzen du ikusleekin. Oso identifikatuta sentitzen direla uste dut.
Barre algarak, eta malkoren bat ere.. bat ere…
Bai badira istorio tristeak. Emakumearen aurkako indarkeriari buruzkoak esaterako. Guk ez dugu gizonen kontra egiten, ikusleei begiak irekitzeko istorioak dira. Emakumeak beti izaten baitira sexu erasoen biktima. Kosovoko gerran bortxaketa sufritu zuen emakume batena; edo ablazioa sufritutako beste emakume baten testigantza. Benetako istorioak direla jakiteak oiloipurdia jartzen dit. Benetako istorioak dira, eta horregatik kontatu behar dira, jendeak ezagutu behar ditu eta.
Zuk zeuk zerbait ikasi al duzu bizipen hauek interpretatuta?
Besteetaz ikastea oso aberasgarria da. Jendearen erantzuna eta erreakzioa entzuten ikasi dut. Eta horren arabera sexualitatea nola bizi duten ikusi. Zerk ematen dien lotsa, zerk barregurea eta zerk beldurra.
Gizonik egoten al da ikusleen artean?
Gehienak emakumeak dira, baina gizonak ere egoten dira, tarteka. Agian lotsa ematen die…Nik hasiera hasieratik esan nuen obra hau gizonentzako eta emakumeentzako dela. Nik esango nieke asko dagoela ikasteko, beti dagoela zerbait ikasteko, eta ez pentsatzeko dena dakitela. Ezer ez ikasita ere, momentu eder bat pasako dutela barrez.