"Pinturak zentzua eman zion nire bizitzari"
Sara Beiztegi, Margolaria
Lirioak, mitxoletak, irisak… Gustuko dituen loreak akuarelarekin margotu ditu amaratarrak. Via Fora jatetxean zintzilikatu ditu, eta uztaila bukatu arte izango dira urmargoak ikusgai.
Txikitatik marrazteko ohitura izan badu ere, duela urte gutxi hasi da Sara Beiztegi (Beasain, 1948) margolari gisa. 2003an pintatu zituen lehen koadroak, eta harrez gero margotu eta margotu aritu da. Bere etxean, Amaran, pintura eskolak ematen ditu; Gipuzkoako Artisten Elkartearen arte azokan parte hartu ohi du; eta erakusketak prestatzen ditu. Azkena Via Fora jatetxean aurkeztu berri du.
Nolakoa da erakusketa?
Mitxoletak, lirioak, irisak… Askotariko loreak margotu ditut akuarelaz. Mitxoletak ditu gogokoen, baina hainbat mota daude bilduma honetan. Hamabost koadro zintzilikatu ditut. Loreak asko gustatzen zaizkit, baina gehien interesatzen zaidana kolorea da. Kolorea eta konposizioa. Eta finkatutako konposizio horiek apurtzea, nolabait. Berdin zait horiek ez errespetatzea, nik nahi dudan emaitza lortzen badut. Loreak aitzakia dira marrazkiaren erritmoa eta konposizioa osatzeko. Nik ez dut marrazten ia, zuzenean margotu egiten dut.Ordagoak botatzen dizkiot pinturari, etengabe: ‘Hemen kolore asko sartuko dut eta ea zer gertatzen den…’. Asko esperimentatzen dut, makina bat proba egiten ditut.
Akuarelaz gain beste teknikaren bat erabiltzen al duzu?
Hain zuzen, horregatik aldatu ohi dut sarri teknika. Akuarela ondo dakidala konturatzen naizenean, akuarelarekin hautsi egiten dut; eskema horiek ahaztu, eta beste gauza batzuk egiteko. Gero berriz ere akuarela gogotsu hartzeko. Pinturan gauza asko egiten ditut. Pintura zeta gainean; pintura urre eta zilar orri gainean… Teknika konplexuagoak dira, ordea, eta formatu handiagokoak dira. Akuarelaren balioa aldarrikatu nahi dut. Ez dakit zergatik dioten olioa akuarela baino teknika zailagoa dela. Akuarela gutxietsi egiten dute. Akuarela margotzeko gehiago pintatu behar sentimenduekin buruarekin baino. Azkarra izan behar duzu, zuzentzeko aukera gutxi ematen dizu eta. Akuarelak zurekin jolasten du. Olioa, ordea, estatikoa da. Gaizki ateratzen bazaizu, beste kapa bat jar dezakezu. Arrisku gehiago hartzen dituzu urmargoekin. Arestian esan bezala, kolorea interesatzen zait. Eta kolorea kapatan antzematen duzu. Akuarelak ematen dizu kapa horiek ikusteko aukera onena.
Nola egiten duzu lan?
Denetik egiten dut egia esan. Interneten bilatzen ditut irudiak; argazkiak egiten ditut; loreak erosten ditut… Ez dut metodologia zehatz bat. Margotzen dudana goitik behera aztertzen dut. Objektu bat baino gehiago izatea nahi dut. Behin irakurri nuen objektu bat ondo begiratu eta aztertuz gero irentsi egiten duzula nolabait. Ideia hori asko gustatu zitzaidan. Objektua ia berriz begiratu gabe margotu dezakezu eta. Gero eta gutxiago begiratzen baduzu, hobe. Buruan duzun ideia indartsuagoa eta boteretsuagoa delako. Batzutan margolan errealistak egiten ditut nahigabe. Errealitatea oso tiranikoa baita. Hasieran bai, helburu hori nuen, baina orain errealismotik aldentzen saiatzen naiz.
Madrilen ere erakutsi duzu zure lana. Madrilen Sin norte ni diosas erakusketa egin nuen Espainiako Berdintasunaren Ministerioarentzat; indarkeria matxistaren inguruko programa baten barruan. Nire alabaren jainkosa batzuen karta sorta batek eman zidan ideia erakusketa hura prestatzeko. Ez gara konturatu, baina jainkosak desagertu egin dira. Jainko izaera duten guztiak gizonak dira. Sinbolo indartsurik gabe geratu gara. Gaia oso interesgarria iruditu zitzaidan eta dokumentazio pila bat aurkitu nuen. Genesiaren hasieran jainkoak ez zuen sexurik, baina gero monoteismoa heldu ziren eta… Euskaldunok, esaterako, Mari dugu eredu gisa. Baina berezko izena Maindi da. Barandiarani esan zioten Sara aldeko herri batean. Zeta gainean pintatu nituen hamar bat jainkosa.
Egun proiekturen bat al duzu esku artean?
Instalazioen munduan murgiltzen hasi naiz. Zerbait esan eta aldarrikatzeko aukera ematen dizute. Espazio bat okupatzen duzu hainbat objekturekin. Hainbat diziplina uztartu daitezke gainera. Zurriolako hondartzan egitea gustatuko litzaidake, ostertzari begira. Bestalde, helduentzako eskolak ematen ditut Amaran, nire etxean. Arte azokan konturatu nintzen jende askok akuarela ikasi nahi duela eta horregatik animatu nintzen. Gainera asko gustatzen zait eskolak ematea.
Zu zeu duela gutxi hasi zinen…
Hori da bitxiena, eta harrigarriena. Txikitatik marraztu dut. Jostun bati soineko bat nola egin esan nahi nionean, marraztu egiten nuen; arotz bati armairu bat nolakoa nahi nuen azaltzeko ere, gauza bera. Baina enpresaburu nintzen, eta lanez lepo negoen. Konpondu gabeko irakasgaia izan da luzaroan. Bat batean nire lan egoera aldatu egin zen, etaneure buruari galdetu nion, ‘zer egin nahi dut orain? Margotu’. Madrilera joan nintzen eskola batera, eta harrez gero autodidakta moduan egin dut bidea. Nire bizitzari zentzua eman dio pinturak. Hasieran beldur nintzen, baina ez naiz egindakoaz damu. Pintura komunikatzeko modua da niretzat.