"Urduri egonik, ezin da ‘sumi-e’rik egin"
Arteko Tailerrak sumi-e edo zen pintura ikastaroa antolatu du; margotze teknika baino gehiago irakasten ari dira.
Bi lasaitasun mota bateratzen ditu Ruben Fuentes pintura irakasleak; Kuban jaiotakoena eta zen filosofiarena. Bere arteak ere bi iturri horiek uztartzen ditu; Mendebaldeko artearena eta Urruneko Ekialdearena. Era berean, Arteko Tailerrak antolaturiko ikastaroan, bi gauza irakasten ari da batera, sumi-e margolaritza eta honetan jarduteko beharrezko “buru egoera”.
Bitarikoa da sumi-e pintura, teknikaz gain, espresiobidea ere badelako. Era berean, margotzeko era honek beste elementu bat behar du zen artea osatzeko; haikua. Yin eta yan. Ura eta mendia. “Hauek biltzen dira Donostiako paisaian, eta horixe egingo dugu azkeneko eskolan”, aurreratu du Fuentesek.
Hala ere, presak ez dira onak inoiz; are gutxiago pintura mota honetan jarduteko, eta irakasle kubatarrak nabarmendu duenez, “urduri egonik, ezin da sumi-e-rik egin”. Hori dela eta, ikastaroko eskola guztiak arnasketa bidezko meditazio ariketatxoekin hasten dituzte.
Arteko Tailerreko Eluska Kortajarenak azaldu duenez, ikastaroan parte hartzeko teknika baldintzarik ez zegoenez, batez ere artean baino, alor filosofikoarekiko jakin-mina zuten ikasleek eman dute izena. Hala ere, Fuentesek argi utzi du margotzen ikasten ari direla; baina, ez “txinakeriak” egiten. Kubatarrak zehaztu duenez, “ideia da teknika hauekin norberaren ingurua islatzea; hortik dator Donostiako paisaiarekin bukatzearena”.
Larunbatean amaituko ditu, momentuz, bere irakaspenak Arte Ederretan lizentziadun kubatarrak. Baina, irakasle onen moduan, berak ikasleengan ereindakoak hazten jarraituko du, Donostiako lurretan erroak dituen Ekialdeko zuhaitzen moduan.