Frankismoaren biktimen omenezko plakak berrezarriko ditu Udalak

Juan Karlos Izagirre alkateak jakinarazi duenez, Saguesen, Aita Klaret plazan, desagerrarazitako frankismoaren biktimen plaza berrezartzeko agindua eman du. Marmolezkoa denez, egiten denbora beharko dutela azaldu du; egin bezain laster bere lekuan jarriko dutela agindu du. Ulia gaineko plakari dagokionez, nahiz eta Uliako elkarte baten ekimena izan, Udalak hartuko du berriz ezarri eta mantentzeko ardura.
Genozidio Frankistaren Biktimen Elkarteak, gainera, biktimen oroimenez ekitaldia egiteko asmoa zuen uztailaren 23an bertan behera uztea erabaki zuen. Alkatearen hitzetan, “Udal Gobernuak berak antolatuko du Saguesen frankismoko biktimen omenezko ekitaldia”. Egunik finkatu ez duten arren, ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak.
Izagirrek, era berean, biktimen oroimenaren kontrako erasoa errefusatu du. Ez horrelako “intolerantzia jarrerarik” ez eta “biolentzia politikorik” ez dutela Donostian nahi esan du. Bi eraso hauen aurrean “salaketa irmoa” egiten duen moduan, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren monolitoari egindako azken erasoa ere arbuiatzen dutela argitu du.


