Zazpi gaztek "bidaia eraldatzaile" batean parte hartu ahal izango dute
Zazpi gaztek abuztuaren 27tik irailaren 4a arte “bidaia eraldatzailean” parte hartzeko aukera izango dutela iragarri du Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak. Bederatzi egunetan Youth Culture 65xxx gazte jaialdia antolatuko dute Alemaniako Wiesbaden hirian eta 15-18 urte bitarteko zazpi neska-mutil donostiar daude gonbidatuta.
Hip-hop dantza, grafitiak, objetuekin mugimendu bizidunak egiten dituzten stopp motion delakoa edota dokumentalak prestatzeko hamaika lantegitan parte hartzearekin batera, Europako hainbat herrialdetako gazte mordoa ezagutuko dituzte, zortzi herrialdeetako gazteen arteko topaketa izango delako.
Letonia, Estonia, Alemania, Frantzia, Italia eta Turkiako gazteez gain, Poloniako Wroclaw hiriko gazteekin bat egingo dute donostiarrek. 2016an Europako Kulturaren bi hiriburuetako gazteek, hain justu, Wiesbadenen elkar ezagutzeko aukera izango dute. Gazteria saileko Xabier Agirrezabalagak azaldu duenez, bi hiriek elkarlana indartzeko baliatuko dute abuztuaren 27an abiatuko den jaialdia.
Ingelesa, baldintza
Bidaiari etekinik handiena ateratzeko, oinarrizko ingeles maila dutela egiaztatu beharko dute gazteek. Hortaz, abuztuko elkartrukearen aurretik nahiz ondoren egingo diren bilera eta jardueretan parte hartzeko konpromisoa erakusten duten 15-18 urte bitarteko neska-mutilek First edo Hizkuntza Eskolako B2 mailako agiria aurkeztu behar dute. Hilaren 21a baino lehen eman behar dute izena, internet bidez –donostiagaztea.org– ala Mari kaleko gazte bulegoan. Garraio eta bestelako gastuak barne, denera, 150 euro ordaindu behar dira.
Aukera hau galdu nahi ez duten gazteak dezente izaten direnez, eskariak eskaintza gainditu ohi du. Hala gertatuz gero, uztailaren 22an egingo lukete plazen zozketa.