Hasi da lasterketa
Hipodromoko denboraldia irailaren 11era arte egongo da zabalik, hamalau jardunalditan banatua
Hipodromoko 2011ko denboraldia; zaldi lasterketak
Noiz. Uztailak 17, 24, 31; abuztuak 7, 11, 15, 21, 25 eta 28; Irailak 1, 4, 7 eta 11.
Sarrerak. Uztailean eta irailean, helduen sarrerak 7 euro balioko ditu. 14-18 urte bitarteko gazteek eta erretiratuek, berriz, 3’5 eurotan eskuratuko dute sarrera. Abuztuan, Helduek 10 eurotan izango dute sarrera, eta gazteek eta erretiratuek, 5 eurotan.
Dohainik. Jardunaldi guztietan, 14 urtetik beherako haurrek ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Bestetik, irailaren 1ean eta 7an ikusle guztientzako sarrera doakoa izango da.
Abian da dagoeneko Donostiako Hipodromoko 2011ko denboraldia. Aurreko asteburuan izan zituzten zaldiek lehen lasterketak, eta horrela arituko dira, astebururo, irailaren 11 arte. Denboraldia 14 jardunalditan banatua egongo da eta sari nagusi bat egongo da guztietan, bere babeslearen izenarekin. Guztira, ia milioi bat euro banatuko dituzte saritan.
Aurtengo berrikuntzen artean, apustu egiteko era berria dago. Izan ere, denboraldiko lau jardunaldi PMU bidez emango dituzte, Europako hipika apustu sarerik garrantzitsuena. Horrek hipodromoko jardueraren zabalkuntzan eragingo du. Gainera, Equidia telebista kateak 74 lasterketetatik 24 emango ditu.
Urrezko Koparen bila
Urtero legez, Udalaren Urrezko Kopa izango da saririk preziatuena. Abuztuaren 15ean egongo da jokoan, eta 20.000 eurotan baloratutako urrezko kopaz gain, 40.000 euro jasoko ditu garaileak. Gainera, azken lau denboraldietan gertatu den bezala, Le Defi du Galop lehiaketaren barnean egongo da saria. Europa mailako txapelketa da eta kontinenteko hipodromo esanguratsuenetan jokatzen dute. Bigarren probarik garrantzitsuena, Dehesa de Milagro Sari Nagusia izango da. Horretarako, ordea, azken jardunaldia arte itxaron beharko da. Garaileak 50.000 euro irabaziko ditu.
Gloria Madero, azkarrena
Afrika ukuiluko Casaca izan zen txapelduna aurreko asteburuko lehia nagusian. Gorputz erdiagatik irabazi zuen Casacak, eta dagoeneko faboritoa bihurtu da datozen lehietarako. Jeremy Crocquevieille zaldizkoak gidatu zuen zaldia. Bestetik, jardunaldiko lehen lasterketan, hots, denboraldiko lehen lehian, Leitzaran izan zen txapelduna, Amara Berriko Gloria Maderoren aginduetara.
Garmendia bikain dabil
Lasterketez gain, jauzi lehiak ere puri-purian dabiltza. Santaderren jokatu zuten nazioarteko lehiaketa asteburuan. Bertan, NH Hoteles saria irabazi zuen Jesus Garmendia donostiarrak. Probak aurrera egin ahala, ibilbidea zailtasun handiagokoa zen. Hamazazpi partaidek lortu zuten 65 puntuko gehienezko balorazioa. Denborarik onena, ordea, Garmendiak egin zuen, Perle Condeenneren gainean.
Aurretik, uztaileko lehen asteburuan, Loiolan jokatu zuten Nazioarteko Lehiaketa. Garmendia ongi baino hobeto aritu zen. Gipuzkoa Kirolak, Frigo eta Volkswagen sariak lortu zituen. Gipuzkoa Kirolak Calvaros Conzerten gainean irabazi zuen. Perle Condeennerekin, berriz, beste biak.
Udan beste hainbat lehietan parte hartuko du Garmendiak, baina iraileko Europako Txapelketa izango da garrantzitsuena. Olinpiar Jokoetarako txartela lortzen saiatuko da bertan. Hori dela eta, iaz baino lehia gutxiagotan parte hartuko du, zaldiak atseden har dezan.