Haur aspertuenak ere berpizteko
Altzako Berpiztu Elkarteak antolatutako udaleku irekiak inoiz baino haur gehiago elkartu ditu aurten. Bigarren hamabostaldian parte hartzeko izen ematea gaur amaituko da.
Larratxoko Irale zentroaren aurrean autobus joan-etorria etengabea da. Hiriko ohiko zerbitzuez gain, Intxaurrondo, Bidebieta, Altzagaina nahiz Trintxerpeko haurrak dakartzan zerbitzu pribatuko bat ere bada. Eskaileretatik behera egin eta Beraun, Lezo, Amara nahiz Altzatik bertatik etorritakoekin bat egiten dute. Guztiak jolastokira sartzen dira 09:30etako hitzordua baino lehen. Orduan, kapela, kamiseta eta bizkar-zorro gehienen gorria da nagusi. Soinean dituztenak Berpiztu Elkartearen udaleku irekietan parte hartzen duten dozenaka haurrak dira. Gurasoen nahiz senideen begiradetatik urruti, gustukoena egiten dute: jolasean eta zalapartan aritu. Futbolean, saltoka edo bultzaka dabiltza batzuk, eserita zain beste batzuk, eta bada, malko artean, amari ihes egiten utzi nahi ez dionik ere. Zoramenaren erdian, begiraleak taldeak antolatzen hasten dira. Hitzordua baino 10 minutu geroago, txistu pare bat eginda, lehenak bidean dira.
Hamarkada baino gehiago da, Larratxoko gune horretan goikoaren antzeko egoerak uztailero errepikatzen direnetik. Aurten, ordea, ohikoak diren 3 eta 12 urte arteko 70 bat haurren ordez, 110 elkartu dira hilaren lehen hamabostaldian. Bigarren txandarako izena emateko epea gaur arte luzatuko da; baina, jada, 90 bat dira. Postontzietan publizitaterik banatu ez dutenez, antolatzaileek ez dakite zein den arrakastaren arrazoi zehatza. Uste nagusiak ahoz ahokoa eta haurrak eskolako lagun taldearekin egon nahi izatea dira. Begiraleen lanak ere zeresan handia izan dezake gorakadan. Goizero goizero, 11 begiralek, bi arduradunek eta praktiketako lau gaztek dute txikiak zaindu eta entretenitzeko egitekoa. Dezente dira, baina bat ere ez dago soberan; lana eta partaideak ugariak baitira. Gogoa eta bokazioa ere ez zaizkie falta ia musu truk aritzen diren gazteei. Arrazoiak arrazoi, eskaera geroz eta handiago da, eta ez kopuruen aldetik bakarrik: Gurasoek abuzturako ere udalekuak antolatzea nahi dute. Aurten ezinezkoa den arren, datorren urtean saiatuko dira, eskariak gainditzen ez baditu.Ortzadar Labaien-Begiralea
«Eskura jar diezaiekegu beraien kabuz egin ezin dituzten gauzak»
Ortzadar Labaienek (San Pedro, 1984) hiru urte daramatza Berpiztu Elkartearen udalekuetako begirale lanetan, eta 7 eta 12 urte arteko taldeen arduraduna da.
Udaleku irekietan parte hartzea zergatik da onuragarria? Haurrei udaran zer edo zer egiteko balio die. Mugitu egin behar dute, ezin dira etxean gelditu goiz guztia telebista ikusten. Guraso gehienek lan egiten dute, aiton-amonek ere, edo ezin dituzte zaindu. Udalekuak askotan haurrentzako udako ihesbidea dira, arratsaldetan gurasoekin zerbait egin dezaketelako, baina goizetan ez. Eskolaren hutsunea betetzen duzue, ezta? Udalekuen bitartez gauza pila egiteko aprobetxatzen dute, leku berriak edo jolasak ezagutzeko. Guk eskura jar diezaiekegu beraien kabuz egin ezin dituzten gauzak. Horretarako gaude. Eta, aldi berean, balore hezigarriak lantzen saiatzen gara, udaran ere eskolako hori mantenduz. Zer moduz moldatzen zarete horrenbeste haurrekin? Oso polita da, baina antolamendu aldetik zaila da, batez ere hasieran. Lehen egunetan asko ez dituzu ezagutzen, eta ez dakizu zein taldetan doazen; ekintzak, gustuak… askotan moldatu egin behar dituzu. Baina, haurrak eta begiraleak pozik daude, eta guraso gehienak ere. Gurasoen kexak izan al dituzue? Zaila da askotan. Guraso guztiek nahi dute beraien seme-alaba kontrolatua izatea… Askok ez dute ulertzen beraientzat beren haurra bakarra eta, munduko zoragarriena den arren, guretzat 110etako beste bat dela. Batzuek atentzioa ematen dizute eta beste batzuk, hainbeste haurren artean, oharkabean pasatzen dira. baina nik ezin dut beraiek baino gehiago egin, Krema ematea ahazten bazaie, niri ere.