Hondoa jo duen gidoilariaren larruan sartu da Javier Merino
Aktore donostiarrak Koldo Mitxelenan hitz egingo du, ‘Un mundo casi perfecto’ filmaren inguruan
Maitasuna, adiskidetasuna, jeloskortasuna… Askotariko osagaiak ditu ‘Un mundo casi perfecto’ filmak; baina guztiaren gainetik, komedia da. Bi zuzendariak, Esteban eta Jose Miguel Ibarretxe; eta aktore protagonista, Javier Merino donostiarra izango dira bihar, Koldo Mitxelenan, Zineguneak egitarauan; filma ikusi dutenen eta filma ikusteko gogotsu daudenen galderak erantzuteko prest.
«Ia genero bihurtu den bikote arraroen komedia da», azaldu dute Ibarretxe anaiek: «Badirudi ura eta olioa bezalakoa direla; eta elkar ulertzera kondenatuta daudela». Javier Merino zinema gidoilari baten larruan sartu da; Antonio Dechent, aldiz, lapurra da. Egoera nahasi batek elkarri laguntzea behartuko die: «Hein batean Cervantesekin hasi zen bikote arraroen generoa, On Kixote eta Sancho Panzarekin. Hau erronkari heltzeko beste modu bat da». Batzuek istorioa «sinesgaitzat» jo dutela esan dute, baina ez datoz bat kritika egin dutenekin: «Gartzelatik atera direnekin eta oraindik ere gartzelan dauden lapur eta gaizkigileekin, eta baita abokatuekin ere izan gara solasean errodatzen hasi baino lehen. Izugarrikeria dela diote batzuek, baina guk esango genuke errealitatea are gogorragoa dela».
2001. urtean idatzi zuten gidoia, baina egileek esku artean izan dituzten hainbat proiektuk atzeratu egin dute. Iazko udan errodatu zuten Bilbon. Denbora luze daramate filmik zuzendu gabe, baina makina bat ekoizpen sustatu dituzte: ‘Los cronocrimenes’ eta ‘Las acacias’, besteak beste. Azken hau aurtengo Donostiako Zinemaldian proiektatuko dute, Horizontes Latinos sailean.
Gertuko pertsonaia
Umorean eskarmentu handia du Merinok. Halere, egileei zergatik aukeratu zuten galdetu zien: «Pertsona on baten aurpegia dudala esan zidaten. Gainera, ni ere, nire pertsonaia bezala gidoilaria izan naiz bizitza errealean. Protagonista izango nintzela esan zidatenean, ‘non sinatu behar dut?’, esan nuen birritan pentsatu gabe. Komedia bat izango zela esan zidaten, eta pelikularen ia %90aren eszenetan agertzen nintzela ikusi nuen». Ez du bere lana gustuko; bere neskalaguna joan egin da; lapurreta baten lekuko izan denez gaizkileak mehatxatu egingo du… Bere pertsonaia oso gertukoa zela sentitu zuen aktore donostiarrak: «Gidoilaria da, ni bezala; eta 25 kilo irabazi ditu. Nik uste dut horregatik hautatu nindutela», esan du barrez.
Gaurkoa Zineguneak egitarauaren seigarren emanaldia izango da. Urtarrilean ekin zion Euskadiko Filmategiak Zineguneak programari. Euskal zinemagileekin solasteko solasaldiak dira; urtean zehar estreinatzen diren filmei bultzada emateko asmoz antolatzen dituzte. Ordutik hona, Borja Cobeagaren ‘No controles’, Olivier van der Zee-ren ‘778 La Chanson de Roland’, Oskar Tejedorren ‘Cuidadores’, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernuesen ‘Mugaldekoak’ eta Pedro Aguilarren ‘Naufragio’ pelikulen inguruko solasaldiak prestatu dituzte Donostian eta Bilbon.
Epe honetan, izan dira beste euskal film batzuk zinema areto komertzialetan, baina «ezinezkoa izan da haiekin Zinegune bat antolatzea», azaldu du Filmategiko zuzendariak, Joxean Fernandezek. Montxo Armendarizen No tengas miedo, eta Ernesto del Rioren Valeria descalza, esaterako, kanpoan geratu dira, zuzendarien «agenda arazoak» direla eta.