Mikel Alkorta hirugarrena izan da Euskadiko Sega Txapelketan
Urteko laugarren sega txapelketa ofiziala, eta azkena, jokatu zuten igandean, Oiartzungo Pikoketan: Euskadiko Sega Txapelketako finala. Ordubeteko lana egin behar izan zuten, lehian aritu ziren lau segalariek: Mikel Alkorta donostiarra (Txomin Alkorta eta Igor Esnaolaren laguntzarekin), Juanjoxe Lizaso asteasuarra, Arkaitz Arteaga baliarraindarra, eta, Jon Kanflanka leitzarra. 2009an bezalaxe, Juanjoxe Lizaso izan zen txapelduna; gainera, lehiarako izan zuten belarra kontuan izanda, gehiegizkoa izan zen Lizasok bigarren sailkatuari, Kanflankari, ateratako aldea, 306 kilo.
Lizasok aurtengo hirugarren txapela jantzi zuen; bereak izan baitziren, Gipuzkoako ohiko erakoa eta azkartasunekoa. Zazpi sail zituen prestatuta segalari bakoitzak, eta ordubeteko denbora agortu zenean, Lizasori maila eta erdi bakarrik geratzen zitzaion azken saila ebakitzeko. Kanflankari eta Alkortari, berriz, bizpahiru maila gehiago. Kanflankak eta Alkortak oso lehia estua izan zuten saio osoan, eta ez zuten zigorrik jaso.
Behin lehia bukatuta, Lizasok eta Alkortak Pikoketa jatetxean bazkaldu zuten elkarrekin, euren laguntzaileekin batera. Izan ere, Alkorta egiatarra den arren, Asteasun bizi da, Lizaso bezala. Jai giroan bazkaldu zuten, musika eta guzti. Alkortak trikitrixa ere jo zuen.
2011ko Euskadiko Sega Txapelketako Sailkapena, Oiartzungo Pikoketan:
- Juanjoxe Lizaso: 5.451 kilo (40 kiloko zigorra).
- Jon Kanflanka: 5.145 kilo (ez du zigorrik jaso).
- Mikel Alkorta: 4.837,5 kilo (ez du zigorrik izan).
- Arkaitz Arteaga: 4.271,5 kilo (40 kiloko zigorra)