Secundino Esnaola kaleko 20. atarian dago Casa Duran jatetxea (Argazkia: X. Etxabe)
Ezertarako on ez dela geratu da Secundino Esnaola kalean dagoen Casa Duran taberna. Goizaldeko 4:00etan piztutako sua taberna osoan zabaldu eta goiko etxebizitzara heldu da. Ertzaintzak aditzera eman duenez, jatetxearen gainean solairuarteko pisuko etxebizitzari eragin dio. Bertan zegoen emakumeak lurretik kea ateratzen zela ikustean, etxetik hanka egin du.Ezbeharrean, hala ere, ez da zauriturik egon.
Ertzaintza sutea zerk eragin duen jakiteko ikertzen ari den bitartean, suaren jatorria sukaldean izan dela adierazi dute. Bertatik jatetxe osora zabaldu da, baita goiko etxebizitzara ere. Kea, berriz, etxartean eta hainbat etxetan sartu da. Suak eraikin nagusiari erasan ez badio ere, zenbait bizilagunek etxetik alde egitea erabaki dute.
Kalte handiagorik eragin baino lehen, suhiltzaileek sua itzaltzea lortu dute. Garren arrastorik ez uzteko, zorua hautsi behar izan dute suhiltzaileek, suak hartutako egurra itzaltzeko.
Egurrezkoa
Egurra da, hain zuzen, Groseko betidaniko jatetxe eta tabernaren egituran nagusi. Casa Duranek ogitarteko, pintxo eta jan-edanean ibiltzeko eskaintza zabala du. Taldean solasean aritzeko, gainera, egurrezko mahai eta aulki luzeak ditu.