Piratek Kaia abordatu nahi dute, jaien eremu natural bilakatzeko
Bederatzigarren urteurrena beteko da aurten Piratak Aste Nagusiko jaietan lehorreratu zirela. Urtetik urtera, sustraitzeko aurrerapausoak eman dituzte; iaz, Trinitate plazako eremua bereganatzea lorpen nagusia izan zela diote. La Flamenka gunea, baina, «txiki» geratu zaie. Koadrilen jolasak antolatzeko nahiz abordaia aurreko bazkarirako «leku handiagoa» behar dute, eta Kaian bota nahi dute aingura. Eremua Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailak kudeatzen duenez, Ernesto Gasco sailburuordearekin harremanetan jarri eta adostasunera heltzeko prest daude.
Piraten eskaerak aurrera egingo balu, Portaletas aurreko Kaimingaintxo plaza bihurtuko litzateke festaren erdigune. Egunean zehar egingo liratekeen jardueren eskaintza handitzeko helburua dutela gaineratu dute.
Kontzertuak doakoak
Gainerakoan, buru belarri prestatzen ari diren egitarauaren inguruan ezer gutxi aurreratu dute. Aurreko urteetakoarekin alderatuta, aldaketa nabarmen baten berri eman dute, alabaina: kontzertu guztiak doakoak izango dira. Aratz Trecet piratak azaldu duenez, «kontzertu itxiak antolatzea piraten filosofiarekin bat egiten ez bazuen ere, jaiei sostengua emateko modua zen».
Festa gosez diren piraten aurrean jotzeko aukera izango dute musika lehiaketa irabazi duten Skakeitan, Oreindik eta Gaueko Itzalak taldeak.
Izen-ematea
Kontzertuek egitarauan hutsik egingo ez duten bezala, jolasek eta Ama Birjinaren egunez egingo den abordaiak ere orain arteko arrakastari eutsi nahi diote. Jolasetan parte hartzeko aukera galdu nahi ez dutenek piratajolasak@gmail.com helbidera idatzi behar dute; taldearen izena, kamisetaren kolorea, harremanetan jartzeko kontaktua eta taldekide kopurua zehaztuz. Abordairako, berriz, abordaia@gmail.com helbidera bidali behar da eskaria, ontziaren izena eta taldekide kopurua adieraziz. Segurua nahi dutenek, berriz, izen-abizenak eta NAN zenbakia bidali behar dituzte.