Harriekin zer egingo duten jakin nahi du PSE-EEk
Neurriak hartzeko Espainiako Gobernuko Ingurumen ministeriora jo ote duten galdetu dute
Uda honetan Ondarretako harriekin bueltaka berriz ere. Neguan, Kontxako aparkalekutik hustutako 21.000 metro kubiko hare isuri zituzten; emaitzak orain arte, ordea, antzuak izan direla dirudi. PSE-EEko zinegotzi Miguel Angel Diezek ohartarazi duenez, harriak itsas bazterrera itzuli dira. Hala, Bilduk gidatzen duen Udal Gobernuak neurririk hartuko ote duen jakin nahi dute sozialistek. Era berean, eurak gobernuan zirenean, arazoari irtenbidea bilatze aldera Espainiako Gobernuko Ingurumen ministeriora laguntza eske jo zutela jakinarazi du Diezek. Bilduk beste horrenbeste egingo ote duen galdetuko dute.
40 tona
Miguel Angel Diezek aurreko Udal Gobernuak agerian zeuden harriak jasotzeko egindako ahaleginaren berri eman du. Hala nola, hondarra garbitzen duen makinetako bati harriak pilatzeko sare gogorragoa jarri ziotela gogora ekarri du. Hainbat langile eskuz jasotzen ere aritu zirela gaineratu du. Horrekin guztiarekin, 40 tona harri desagerrarazi zituzten. Urteotan egin diren azterketen arabera, azaleratik 13 metroko sakonera bitartean daude harriak pilatuta.
Udan egindako lan horri neguan Kontxako aparkalekutik garraiatutako harea erantsi behar zaiola adierazi du Ingurumen zinegotzi izandakoak. Aparkalekuan topatutako altxorra, dena den, Kontxarekin partitu zuten, bertan beste 24.000 metro kubiko isuri zituztelako.
Natura kontrolpean izatea, baina, zaila da, eta itsas korronte eta marea biziek erantsitako hondarra mugitu eta agerian utzi dituzte harriak berriz. Hain zuzen, bolada luze batez, Ondarretako harrien afera hizketagai izateari utzi eta behin betiko irtenbidea bilatzeko asmoz, Odon Elorza alkatea Espainiako Gobernuko Ingurumen ministerioarekin harremanetan jarri zela azaldu du Miguel Angel Diez PSE-EEko zinegotziak.