Memoria historikoaren berreskuratzea, Kaiko jaietan
‘Herriaren memoria’ jorratuko dute Genozidio Frankistaren Biktimen Elkarteak eta Euskal Memoria Fundazioak.
Kaiko jaietako programan Herria Kultur Elkarteak memoria historikoaren inguruko ekimena txertatu du. «Herriaren memoria berrerakitzera» zuzendutako ekitaldia Genozidio Frankistaren Biktimen Elkartearen eta Euskal Memoriaren Fundazioaren laguntzarekin antolatu du, datorren larunbaterako, 12:30ean, portuan.
Herria Kultur Elkarteak, «Memoria oinarri… Euskal Herria aurrerantz begira» kontzeptuan bildu ditu ekimenaren helburu eta zergatia. Hain zuzen ere, ingurune politikoa ikusirik, «aurrerantz begiratzeko garaia iritsi» dela uste baitute antolatzaileek.
Memoriaren inguruko ekitaldia antolatzeko aukeratu duten egunak ere badu bere esanahia. Izan eze, Uztailaren 16an Espainiako Armadak desfilea antolatzen baitu Santa Teresa eliza eta Klub Nautikoaren artean. Urtero egun horretan protesta ekintzak antolatu dira; aurten berriz, Herria Kultur Elkarteak donostiarrei deia egin die «espainiar militarren probokazioari bizkarra eman» eta memoriaren ekitaldian parte hartu ondoren, Kaiko jaietan bete-betean murgiltzeko.
Jaiak, etzitik igandera
Jaiak etzi hasiko dira, Gazteen Egunarekin eta 20:00etako txupin jaurtitzearekin. Bukatu, berriz, Igandean bukatuko dira, lau eguneko festaren ondoren.
Gateentzako festak baino gehiago izatea nahi dute antolatzaileek. Hori dela-eta, musika kontzertuez gain, danborradak, kukaina zein patata tortila txapelketa bezalako ekimenak prestatu dituzte. Izan ere, adin guztietarako jendeari zuzendu nahi baitizkiete jaiak. Era berean, batzordekideek eskaera zehatza egin diete jaietan parte hartuko dutenei: arrantzalez jantzita joatea. Hau badelako jaien jatorri eta sustraia gogora ekartzeko modua; bestelako memoria osatzekoa, alegia.