Seal abeslariaren soulak Kursaal hartuko du
‘Commitment’ disko berria aurkeztuko du; bere ibilbideko kanta arrakastatsuenak ere berreskuratuko ditu
Sealek bi hamarkada luze darama eszenatokiz eszenatoki. Askotariko musika estiloekin lortu du arrakasta. ‘Kiss from a rose’, ‘Prayer for the dying’, ‘Don’t cry’ eta ‘Love´s divine’ amodiozko kanta erromantikoekin milaka jarraitzaile erakarri zituen. Munduan zehar hamabost milioi disko baino gehiago saldu ditu, eta hiru Grammy sari eskuratu ditu.
Ostegunean, Kursaal Auditorioan izango da zuzenean, 21:30ean. Iaz kaleratutako ‘Commitment’ diskoko kantak aurkeztuko ditu. Maitasuna, familia, eta konpromisoari buruzko hitzak idatzi ditu abeslariak 11 kanta jasotzen dituen argitalpenean. Bere ibilbideko kanta arrakastatsuenak ere berreskuratuko ditu zuzenean. Sarrerak Kutxaren ohiko zerbitzuetan eskuragarri daude.
Seal Henry Olumide Olusegum du benetako izena. Londresen jaio zen, 1963an. 15 urterekin joan zen gurasoen etxetik. Arkitektura ikasketak egin ondoren hainbat ogibide probatu zituen. Ingeniari elektrikoa eta larruzko arropa diseinatzaile izan zen, besteak beste. Taberna eta klubetan hasi zen musika jotzen. Push talde ingeles eta funkyarekin bat egin zuen. Asian zehar bira egin zuten elkarrekin. Tailandian zela bertako blues banda batekin ere izan zen aldi baterako. Banda utzi, eta Indiara joan zen. 1986an lupusa harrapatu zuen. Gaixotasunak aurpegia eta gorputza markatu zizkion betiko.
90eko hamarkadan, Trevor Horn ekoizlearekin, Ingalaterra eta AEBetako musikari arrakastatsuenekin partekatu zuen lehen postua. ‘Killer’ eta ‘Crazy’ abestiek talentu berritzaile baten helduera iragarri zuten. 2008ko azaroan soul abesti klasiko ezagunen bertsioak bildu zituen disko batean.