"Aktibismotik ekintza politikora jauzia egiteko unea zen"
Ohikoek ordezkatzen ez zutela ikusita, berdintasunaren eta ekologiaren alde egingo duen alderdia sortu nahi du Erdialdekoak.
Gipuzkoako Berdeak-Los Verdes alderdiak atzo bat egin zuen Equo plataforma ekopolitikoarekin. Honen sustatzaile nagusia Greenpeaceko arduradun ohi Juan Lopez Uralde da (Erdialdea, 1963). Datorren urtean hauteskundeetan parte hartzeko asmoa duen ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu.
Zer da Equo? Equo herritar mugimendu gisa sortu zen. Egoera politikoarekin pozik ez gauden eta inongo alderdik ordezkatzen ez gaituela iruditzen zaigun herritarrek sortua. Alderdiekin eta elkarteekin sarea ehuntzen joan, eta gutxika, proiektu politiko bat eratzeko lanean dihardugu. Zergatik erabaki zenuen bertan parte hartzea? Aktibismotik ekintza politikora jauzia egiteko unea zen. Gauzak beste modu batera egin behar direla uste dut, eta ohiko alderdi politikoek gure kezka nagusiei –berdintasuna, pobrezia, ekologia, giza eskubideak…– ez diete erantzunik ematen. Oraindik fundazioa zarete, baina Espainiako hauteskunde orokorretara aurkezteko asmoa duzue, ezta? Helburu hurbila dugu: Espainiako hauteskunde orokorrak. Ziurrenik aurreratuko egingo dituzte. Beraz, azkarregi aritu beharko dugu. Herrialdetako asanbladak antolatzen ari gara, eta hauetako bakoitzak bere koordinazio mahaia osatu beharko du. Urrian, alderdiaren asanblada eratzailea egingo dugu Madrilen, eta ibilbide horretan, hautagaiak aukeratu beharko ditugu. Hego Euskal Herriko eta Espainiako herrialde guztietan hautagaia aurkeztuko al duzue? Ahal dugun guztietan. Denetan izaten saiatuko gara. Boto emaileei dagokienez, Maiatzak 15 mugimenduko kideentzako aukera izan al daiteke Equo? Maiatzak 15 mugimendua ezinegon eta atsekabe beretik sortu zen, baina guk erakundeen eta politikaren ildotik joatea erabaki dugu. Hiritar mugimendua da, eta bere ikuspegia partekatzen dugu. Alderdiaren sorreran, modu oso horizontalean eta demokratikoan ari gara. Gizarteak parte har al dezake zuen plataforman? Ecomunidad izeneko sarea dugu, eta, jada, 5.000 lagunek parte hartzeko nahia erakutsi dute. Sarearen bidez, deialdiak egin eta elkartu egiten gara proiektua osatzeko. Berdintasuna eta ekologia dituzue ardatz. Zeintzuk dira alor horietako ildo nagusiak? Eredu produktibistari egiten diogu kritika, gure ustez, bizi dugun krisi ekonomiko eta sozialaren oinarria baita. Ekologiaren alorrean, ildo nagusia energiaren sorrera da. Guk ehuneko ehunean berriztagarria den energia proposatzen dugu, eta baliabideen erabilerari dagokionez, jasangarritasunera bideratutako politikak. Berdintasun ekonomikoaren alorrean, berriz, merkatuaren kontrolaren alde gaude, nazioarteko transakzioei tasak ezarri eta paradisu fiskalak desagertzea nahi dugu. Langabezia gainditzeko, aldiz, lanaldiaren ikuspegia aldatzea baliagarria dela uste dugu: gutxiago lan egin denok lan egiteko. Eredua aldatzea luzerako lana izan daiteke. Etorkizun hurbilerako zer proposatzen duzue? Epe laburrean, eskura izanik gauzatzen ez diren irtenbideetara bideratzen ditugu proposamenak. Horietako bat energetikoa da, zentral nuklearrak ixtea, eta gutxika, erregai fosilak energia iturri berriztagarriekin aldatzea da. Beste neurri garrantzitsu bat sektore berdeen sustatzea da, Green New Dealari (Itun Berde Berria) bultzada eman nahi diogu. Hau da, nekazaritza ekologikoa, energia iturri berriztagarriak, birziklapena, garraio jasangarria… Lan aukera handia duten alorrak dira, eta, era berean, krisi ekologikotik irteten lagunduko liguketenak, baina horren alde ez dira ezer egiten ari.