Bisitariak, sanferminengatik bada ere
Iruñeko sanferminen itzalean hiriko hainbat ostatu bete egin dira, nahiz eta beste urteekin alderatuta jende gutxixeago etorri dela uste duten hiriko hainbat pentsiotan.
Donostia eta turismoa eskutik helduta izan dira urte askotan, eta aurtengoa ez da uda ezberdina izaten ari. Urumea ertzetik paseoa egitean, erraz ikustekoak dira urteko beste sasoietan gutxitan ikusten diren motxila handiak eta galtza motzak. Turistak lehenago etortzen hasten badira ere, kanpotarren uholdea sanferminen bueltan hasi ohi da.
Autobus edo trenetik jaitsi eta informazio bulegoetara jotzea da kanpotarren lehen egitekoa. Hortik, erreserbarik gabe etorriz gero, hiriko hotel eta pentsioetara jotzen dute lo egiteko ohe baten bila. Parte Zaharreko Aldamar pentsioan diotenez, aurten ere beterik dituzte gelak; baina, «aurreko urteetan baino jende gutxiago bota dugu atzera».
Sanferminen ajea pasatzera
Duela urte batzuk, Iruñeko sanferminen ondoren hasten zen udara hiriko ostalarientzat. Orain, berriz, Donostiaraino jendea erakartzeko balio duela diote. «Pertsona asko etortzen zaizkigu lotara Iruñera parrandara joan baino lehen, eta baita bukatu ondoren ere».
Igeldon ere horrela gertatzen da.«Asteburuan beteta izan dugu», azaldu du Igeldoko campingeko harrerako langileak. Bezero horietako asko eta asko «Iruñera parranda egitera joan eta lotara hona etorri dira», berretsi du. Datozen asteetarako ere erreserba ugari dituztela adierazi dute, bai campingeko arduradunek, eta baita Aldamar pentsiokoek ere; izan ere, berehala hasiko baita turista erakarlea den Jazzaldia.
Egun bakarrerako
Beste turista batzuk, berriz, egun bakarrerako datoz hirira. Horixe da Belfasteko Haigney familiaren kasua. Miarritze inguruan bi asteko oporraldia egiten ari dira eta, atzo, egun pasa etorri ziren Donostiara. «Lagun batzuek esan ziguten oso hiri polita dela eta ezagutzeko gogoa genuen», azaldu zuten Araba parketik Kontxa alderako bidea hartu baino lehen.
Beraien moduan sanferminen zale ugari egun bakarrerako etorri da Donostiara. Hori da ardoz beteriko elastikoa argazkian azaltzeari uko egin dion Paoloren kasua. «Datorren urtean oporrak pasatzera hona etorriko naiz».