Donostia 2016ko batzordea da Bilduk duen bakarra
Udal batzordeetako presidente eta presidenteordeak oposizioko alderdietako ordezkariak izango dira. Donostia 2016ko hautagaitza aurrera ateratzeko osatu den batzorde ez iraunkorra izango da Juan Karlos Izagirre Bilduko alkateak gidatuko duen bakarra. Ogasun eta Lurralde Garapenaren batzordea gobernu kideen esku geratzea espero zuten Bildukoek, oposizioko taldeen arteko adostasuna nagusitu da, ordea.
Oposizioko taldeek izan duten jarrera ez da Juan Karlos Izagirre alkatearen gustukoa izan. Oposizioko alderdiek adostasunera heltzeko garaian, Gobernua zokoratuta utzi dutela azaldu du.
EAJko bozeramaile Eneko Goiak, halere, batzordeetako aukeraketa «normaltasun osoz» egin dela eta «gauza berria ez» dela erantsi du, aurreko legealdietan halaxe egin delako. Bestetik, Donostia 2016 hautagaitza bultzatzeko sortu den batzordeko presidenteorde EAJko Miren Azkarate izatea txalotu du.
PSE-EEko Marisol Garmendiarentzat, aldiz, «kezkagarria» da Bildu eta EAJren arteko akordioa. Alkatea batzordeko presidente izatea ontzat jotzen duen bitartean, presidenteordetzan egoteko ahalegin handiagoa egin dutela uste dute.