Europako arreta gune bilakatuko duen instalazioa estreinatu du Biomagunek
Euskal Herrian aitzindari izateaz gain, Europan ere medikuntza arloan ikerketa lanetan ari diren aditu askoren arreta bereganatuko du Miramongo Teknologia Parkean dagoen CIC Biomagune zentroak. 2006an inauguratu zuten ikerketa guneak minbizia, hiesa eta beste hainbat gaixotasuni aurre egiteko erronka jarri zuen abian. Bost urteren ondoren, 90 ikertzaile dira herritarren ongizatearen alde lanean ari direnak eta, ahalik eta emaitzarik eraginkorrenak lortzeko, teknologiarik berritzaileena dute eskura.
Inauguratu berri duten 900 metro koadroko instalazioak inguruko ikertzaileen interesa piztuko du, partikularik txikienei ere xehetasun handiko irudiak hartzeko tramankuluez hornitu baitute Biomagunea. Europako hirugarren makinarik indartsuena da. Irudi Molekularren Instalazioak, halaber, puntako partikula azeleragailua du.
Ekipamendua zabaltzeko, 12 milioi euroko inbertsioa egin dute. Espainiako Gobernuak, gainera, Zientzia Azpiegitura Berezi izendatu du, inguruan halako gune bakarrenetakoa dela adierazteko.
Puntako teknologiari esker, gaixotasunak aurretiaz atzemateko aukera izango dute. Tumore nahiz gaixotasunak nola garatzen diren ikustea errazagoa izango da, ebakuntzarik egin gabe irudi bitartez ikusteko aukera izango dutelako. Botika berriak probatzeko, era berean, aukera zabalagoak eskainiko ditu. Alzheimer, Parkinson ala minbizia bezalako gaixotasunen diagnosi eta tratamenduan aurrerapen handiak eskainiko dituela azaldu dute.
Animalia gutxiago
Teknika moderno horiek, gainera, laborategiko animaliengan kalte txikiagoa eragingo du. Izan ere, saiakera bakoitzean hil beharreko animalia kopurua askoz ere txikiagoa izango da aurrerantzean. Ekipamenduak 1.200 sagu eta 500 arratoi ditu egin beharreko esperimentuetarako.
X-izpien teknika baino aurreratuagoa izanik, garuneko, bihotzeko, urdaileko eta beste hainbat organutan egon daitezkeen aldaketez xehetasunez ohartzeko gai izango dira, soinean ebakirik egin gabe. Gaixotasunek nahiz botikek organuetan nola erasaten duten zorroztasunez aztertuko dute sistema berriaren bitartez.