Euskadiko Kopako onena izan da Fortuna Barrikan
Itsasoko kayakekin bikain moldatu dira donostiarrak eta txapeldunak izan dira hainbat kategoriatan
Itsasoko kayaken Euskadiko Kopako hirugarren jardunaldia jokatuko zuten igandean, Barrikan (Bizkaia). Partaideek 13 kilometroko estropada osatu behar izan zuten eta baldintza onak izan zituzten: Olatu txikiak eta ipar-ekialdeko haizea. Talde onenaren saria Fortunarentzat izan zen, bere atzetik geratu ziren, Barrika eta Zumaiako Itsas-Gain taldeak.
Orokorrean, Fortunako piraguistek oso lan ona egin zuten eta honako emaitzak lortu zituzten: K1 modalitatean, Jon Irizar kadetea eta Sergio Cormenzana jubenila txapeldunak izan ziren, euren mailetan. K1 seniorretan, Julen Hurtado de Mendozak hirugarren postua lortu zuen. Beteranoetako K2an, Zumaiako eta Hondarribiako taldeekin lehia bizia izan ondoren, Andres Lopez eta Ramon Vega bigarrenak izan ziren. K1ean, berriz, Javi Lizancos txapelduna izan zen.