Euskaraz egindako lehen dokumentalak zaharberritu ditu Euskadiko Filmategiak
Gotzon Elortzaren hiru film berreskuratu ditu; Zinemaldian ikusi ahal izango dira lehen aldiz
2010. urtea «trantsizio urtea» izan da Euskadiko Filmategian. Hala uste dute Joxean Fernandez zuzendariak eta Antonio Rivera kultura sailburuordeak. «Ikuspegi tradizionala alde batera utzi egin du. Egun ez da ikus-entzunezkoen ondarearen gordailu hutsa. Euskal ekoizpenarekin duen konpromisoa erakutsi du, pelikulak programatu ditu, eta harremanak sendotu egin ditu beste filmategiekin. Donostia, Gipuzkoa eta haratago iritsi nahi dugu. Donostian dago, baina gure apustua euskaldun guztiontzako filmategia izatea da», adierazi du Riverak Filmategiaren 2010eko memoriaren aurkezpenean. Tamalez, krisiak kolpatutako urtea izan da; erakundeak jaso ohi dituen diru-laguntzen murrizketa nabarmena izan baita.
Joxean Fernandez zuzendaria, hain zuzen, iaz hautatu zuten. Mikel Arregiren lekukoa hartu zuen urte amaieran: «Diru gutxirekin egin behar izan dugu guztia. Euskadiko Filmategiarentzat benetan zaila izan da 2010. urtea. Ahalegin berezia egin behar izan dugu zenbait ekimenekin aurrera egiteko. Beste batzuk ezin izan ditugu egin. Ezin izan dugu libururik argitaratu, besteak beste».
Iazko uztan, ordea, Filmategiak zenbait altxor jasotzea lortu du; zaharberritzeari dagokionez batez ere. «Irudimena eta formula desberdinak erabili behar izan ditugu abian ziren zaharberritzeak egiteko», aitortu du Fernandezek.
Gotzon Elortza zinemagile bilbotarrak egindako eta Filmategiaren artxibategian gordeta zeuden 50eko hamarkadako hiru film berreskuratu dituzte. Bizkaiko Aldundia, Uribe-Kosta mankomunitatea eta Getxo, Bermeo eta Gernikako udalen laguntza behar izan du. Euskaraz egin eta sortutako lehen piezak dira: «Hiru lan hauek benetan lan oso garrantzitsuak dira euskal zinemarentzat, eta zinemarentzat», azpimarratu du Fernandezek. Bartzelonako laborategi batean digitalizatu dituzte, eta Donostiako REC estudioan zaharberritu dute soinua.
Ikus-entzunezkorik ez duen hizkuntza hiltzera kondenatuta zegoela uste zuen Elortzak, eta zinema euskaraz sortzeari ekin zion. Bizkaian hiru dokumental errodatu zituen: ‘Aberria’ (1961), ‘Ereagatik Matxitxakora’ (1960) eta ‘Elburua Gernika’ (1962). Hiru lan hauek, hain zuzen, irailean, Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztuko dituzte. Laugarren bat falta da, Avignonen errodatutakoa, baina ez dute topatu: «Oraindik bizirik da Elortza, eta lanak aurkeztera etortzea espero dugu. DVDan ere argitaratu nahi ditugu», azaldu du Fernandezek.
Partikularrek emandako grabaketen artean ere hainbat pieza digitalizatu dituzte; Donostian girotutakoak batzuk. 1959ko apirilaren 16an Ramon Latasak eta Juan Jose Narbaizak Donostiako Txofre zezen plazan egindako aizkora apustua jasotzen du film batek. Añorgako Karmengo jaietako irudi zaharrak ere zaharberritu dituzte; 50eko hamarkadakoak dira, eta bertan egiten ziren jokoen irudiak agertzen dira. Errezilgo Paulino Uzkudun boxeolaria da beste grabaketa baten protagonista: Brooklynen 1927an Harry Willisen aurka egindako borroka ikus daiteke bertan. Filmategian, artxibategian jaso duten partikularren materiala nabarmen hazi dela plazaratu du Fernandezek, eta informazio iturri garrantzitsua dela azpimarratu du: «Etxean gordetako zintek garrantzia dute gurea bezalako zinema industriarik gabeko herri batean. Memoriarentzat garrantzitsua da».
Eta beste lorpen bat: urrian edo azaroan Alex de la Iglesiari buruzko atzera begirakoa eta liburua egingo dute.
Filmategiaren 32 urteko ibilbidearen ondoren, lehen atzera begirakoa egingo dute, Antzoki Zaharrean. Zenbait proiektu berritan ere murgildu da elkartea: Tabakalerako mediatekarekin, Xenpelarrekin eta Eresbilekin elkarlanean Euskal herriko ikus-entzunezkoen artxibiboen sarea osatu dute.