Russian Red, La Oreja de Van Gogh eta Estrella Morente izango dira Kursaalen
Urrian hasiko da Kursaal Fundazioaren denboraldi berria. Musika klasikoko sei emanaldi, eta herri musikako hamar ikuskizun izango dira. BBCko Orkestra Sinfonikoak inauguratuko du ziklo klasikoa urriaren 14an. Jiri Belohlav maisuaren zuzendaritzapean, eta Leif Ove Andsnes piano jotzailearekin batera Beethoveni eskainitako programa bat interpretatuko du. Besteak beste, 3. kontzertua eskainiko dute, konpositorearen ezagunenetako bat. Herri musikaren zikloa, berriz, Estrella Morenterekin hasiko da, urriaren 19an. Bere aita Enrique Morentek ezin izan zuen Kursaalen abestu, eta haren heriotzaren ondoren alabak beteko du hark utzitako hutsunea. Kanadatik Cowboy Junkies taldea iritsiko da azaroaren 10ean. Blues eta country erritmoekin beteko dute Ganbera aretoa. Musika exotikoak ere izango du tartea denboraldi berrian; indiar jatorriko Anoushka Shankar interpretea azaroaren 11n izango baita. Amaralek Hacia lo salvaje diskoa aurkeztuko du azaroaren 1an auditorioan. Musika klasikoan, Rene Jacobsek Akademie Fur Alte Musik Berlin taldea zuzenduko du azaroaren 15ean. Beethovenen Prometeoren izakiak izango da kontzertuko pieza nagusia.
Judith Jauregi piano jotzaile donostiarrak ezohiko ikuskizuna eskainiko du azaroaren 26an Jose Sacristan antzezlearekin batera. Antonio Machadoren poemen inguruan egindako emanaldia izango da. Magia ikuskizun bat ere izango da, Spencers Theatre of Illusion-ek azaroaren 28an egingo duena. Azaroko azken kontzertua Kammerorchester Basel taldeak emango du. Measha brueggergosman sopranoak ere parte hartuko du. Urtebete igaro da Xabier Lete hil zenetik. Haren heriotzaren urtemuga betetzen den egunean, abenduaren 4an, omenaldia egingo diote. Ken Zazpi, Antton Valverde, Amaia Zubiria, Bernardo Atxaga eta beste hainbat artista izango dira kontzertuan, eszenatokian. Haren poemak eta abestiak gogora ekarriko dituzte. Murray Perahia pianistak debita egingo du Donostian, abenduaren 11n. Gabonetan, ohi bezala, gospel kontzertuak helduko dira Kursaalera; Late Show’s Gospel Choir taldea izango da abenduaren 17an. Abenduaren 19an, berriz, La Petite Band taldeak Schutzen Eguberriko oratorioa interpretatuko du abenduaren 19an.
Urtarrilean amaituko da denboraldia. La Oreja de Van Gogh taldeak disko berria aurkeztuko du urtarrilaren 14an. Il Giardino Armonicok Bachen Branderburgoko kontzertuk interpretatuko ditu urtarrilaren 17an. Russian red pop taldearen zuzenekoa izango da azken emanaldia, urtarrilaren 28an. Amaralen kontzerturako sarrerak jada salgai daude. Beste herri musikako sarreren salmenta uztailaren 28an hasiko da, 11:30etik aurrera. Musika klasikoko abonu berrien salmenta abuztuaren 31 eta irailaren 2a bitartean eskuratu ahal izango dira. Sarrera solteak, berriz, irailaren 12an jarriko dituzte salgai; Musika Familian saileko sarrerekin batera.