Gimnasio gela izango dute Lagun Aroko jokalariek denboraldi hasierarako
Astelehenetik lanean ari dira langileak, Illunbeko harmailen azpian komunak bota eta lekua egokitzeko
Atzera eta aurrera dabiltza igeltseroak eta margolariak egunotan, Illunben. Batetik, Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko saskibaloi jokalarien zorionerako ari dira. Izan ere, azkenean, klubak behar bezalako gimnasiorako tokia izango du. Bestetik, Aste Nagusiko zezenketak hurbiltzen ari direnez, zezenak odolusten dituzten gela margotzen ari dira.
German Ceak, GBCko zuzendari nagusiak, gimnasioko lanen inguruko nondik norakoak azaldu dizkio Irutxuloko Hitzari. GBCko jokalariek hainbat makina izan dituzte orain arte, euren prestakuntzan laguntzeko. Baina makina horiekin lanean aritzeko toki egokirik ez zeukatenez, kantxako saskien atzean izaten zituzten. Partiden egunetan, ordea, biltegian jasotzen zituzten. «Makinak orain artekoak izango dira, agian berriren bat ekarriko dugu, baina ez dugu erabaki. Lekua egokitzen ari gara», dio Ceak.
Aspalditik zuen klubak halako zerbait egiteko gogoa. «Illunbe egokitzeko hasierako proiektuaren barnean zegoen, baina ezin izan zen bere garaian egin. Orain, Kirol Patronatuarekin lortu dugun akordioari esker hasi dira lanak». Hala, patronatuak tokia jarri du, baina kostua klubaren kontura joango da, Aldundiaren laguntzarekin. Zehazki, 100.000 euroko kostua izango du gela atontzeak.
Astelehenean hasi zituzten lanak eta ACB denboraldiaren hasierarako bukatzea espero dute. Hala ere, Aste Nagusiko zezenketen garaian, lanak geratu beharko dituzte. Kantxa parean egingo dute gimnasioa, harmailean azpian; orain arte bai emakumezkoen bai gizonezkoen komunak egon diren tokian. Momentuz komuneko tresneria kentzen ari dira, 100 metro koadro inguru izango dituen gimnasioa bertan egiteko.
Bazkide kanpaina zabalik
Uztaila hasieran zabaldu zuten Gipuzkoa Basketeko bazkide kanpaina. Klubaren bulegora joatea besterik ez dute, datorren denboraldian Donostia Arenan jokatuko dituzten partidak zuzenean bizi nahi dituztenek. Anoetako pasealekuan dago GBCko bulegoa, honako ordutegiarekin; 9:30etik 13:30era.