Parte Zaharreko zamaketa antolatzeko sistema ezarriko dute azaroan
Goizeko 7:00etatik 11:30era dute zamaketa ibilgailuak Parte Zaharrean sartu eta taberna eta dendak hornitzeko denbora. Ordutegi horretan, ordea, anabasa izaten da nagusi, garraiolariek nonahi uzten dituztelako autoak eta kalez kale oinezkoen artean egiten dutelako aurrera.
Udal Gobernuak, bada, nahaspila zuzendu eta zirkulazioa ordenatzeko neurriak hartuko ditu. Egoera hori egunero bizi dutenek asteazkenean izan zuten sistemaren berri, eta egindako bileratik «irakurketa baikorra» egin duela adierazi du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak.
Kamioak atari aurreak ez oztopatzeko, hiru banaketa gune bereizi dituzte: Bulabarra, Bretxa eta Konstituzio plaza. Ibilgailua gune horietakoren batean utzi eta bertatik orgatxoarekin ala eskuz dagokion lekura eraman beharko dute zama. Gune horietara iristeko, norabide bakarra izango duten kaleak errespetatu beharko dituzte eta finkatutako sarbide eta irteeretara jo beharko dute. Denera, lau izango dira sarbideak eta matrikulak irakurri ahal izateko kamerez egongo dira kontrolatuta: Iñigo kalea, San Juan kalea, Mari eta Kale Nagusia Bulebarretik. Mari eta Kanpandegi kaleek egun duten zentzua aldatuko dute, gainera.
Egokitzapen horiek guztiak azaroaren erdialderako izan nahi dituzte prest. Behin, Parte Zaharrera autoz sartu behar dutenen datu basea osatuta, irailean hasiko lirateke kamerak eta kaleak egokitzeko beharrezko lanak egiten.
Horrekin batera, San Bizente elizaren atzealdean moto aparkalekua handitzeko asmoa dutela aurreratu du Albizuk. Baserritarrek Bretxan libre uzten duten eremua aparkaleku bilakatzen da, eta bizilagun eta bertatik dabiltzan oinezkoen kexak aintzat hartuz, motoak San Bizente aldera bidali nahi ditu Udal Gobernuak, eremu hori libre uzteko.