Arrantzaleen omenez
Karmengo amabirjinaren omenezko jaiek hartuko dute Kaia asteburuan; festa ekimenen artean arrantzale zaharren omenaldia nabarmen daiteke.
Karmengo amabirjina itsasgintzaren patroia izanik, bere omenezko jaiak arrantzaleen gorazarre bilakatu ohi dira. Horren adibide da urtero Donostian egiten den Gipuzkoako arrantzale zaharrei eskaintzen zaien eguna.
Larunbatean, Gipuzkoako kostaldeko herri guztietako 70 urtetik gorako 360 arrantzale omenduko dituzte. Eta hiriraino den-denak etorriko ez badira ere, ezagutza ekitaldiek guztiak izango dituzte gogoan.
Antolatzaileek diotenez, «84 urtez, jarraian, ospatu den festa da hau». Ospakizuna berezia ere bada langintza batean aritu, eta adin batetik gorako pertsona guztiak omentzen dituen bakarrenetakoa delako.
Antzoki Zaharrean egindako harrerarekin hasiko dira ekitaldiak, 11:15ean; handik ordubetera Portuko San Pedro parrokian egingo den mezara joango dira.
Ondoren, Kaiko jaien egitarauan sartzen diren ekitaldien artean, lore eskaintza eta, nola ez, Kresala dantza taldeak egindako omenaldia izango dira.
Lore eskaintzarekin batera egunaren gailurra den bazkaria 14:00etan egingo dute, ohi moduan, Parte Zaharreko Gaztelubide eta Aitzaki elkarteetan; bertan ez dira faltako janari ona eta istorio hobeak.
Gaur eta bihar, nasapuntakoa
Karmengo Amabirjinaren omenezko jaietan Kaian ezin dira falta itsasoarekin zerikusia duten ekimenak; nahiz eta ez diren bakarrak eta egitarau zabala prestatu duten.
Batek baino gehiagok portuko uretan hartuko du bainua asteburuan; izan ere, gaur eta bihar, 17:00etan nasapuntakoan edo kukainan jolasteko aukera izango da. Igandean, busti baino, itsasoari begira egoteko tenorea iritsiko da, Kaiarriba-Donostiarra ikurrina jokatuko baita 12:00etan.
Musika eta dantza zaleek ere gozatuko dituzte jaiak. Aurten Jai Batzordeko kideek Trakets ekartzea erabaki dute gaur zein bihar 23:00etan hasiko den dantzaldia girotzeko.

