Pasealeku Berriko Igeriketa Zeharkaldiko izena ematea zabaldu du Fortunak
Aste Nagusian izango da proba, abuztuaren 15ean, eta gehienezko partaidetza 500 lagunera mugatu dute
Aste Nagusiko ekitaldien inguruko informazioa iristen ari da jada. Tartean, noski, ez dira kirol jarduerak faltako. Horien artean, klasiko bat dago: Pasealeku Berriko 43. Igeriketa Zeharkaldia. Fortuna Kirol Elkarteak antolatzen du igeriketa lehia, 1999tik. Amaika Bat kirol elkarteak antolatzen zuen aurretik, Paseo de Jose Antonio izenarekin, 1940an hasita.
Fortunak bere ardurapean hartu zuen, herri proba erakargarria iruditzen zitzaiolako, hirian igeriketa bultzatzeko era moduan. Aurten ere, abuztuaren 15ean izango da lehia, eta dagoeneko izena ematea zabalik dago, kirolprobak.com webgunean. Izena emateko epea, abuztuaren 11n itxiko dute. Hala ere, partaide kopurua 500 igerilarietara mugatua dagoenez, lehenbailehen egitea komeni da. Gainera, antolakuntzak beharrezkotzat jotzen dituen dortsalak gorde ditzake kluberako. Edonola ere, bertako zein nazioarteko hainbat igerilari izaten dira urtero Donostian.
Haur, gazte eta helduak
Haur mailako igerilariek irteera 11:00etan izango dute. Kaitik atera eta Kontxan izango dute helmuga. Beraz, 650 metroko ibilbidea osatuko dute. Gainontzeko partaideak 12:00etan irtengo dira Zurriolatik eta helmuga Kontxan izango dute. Hala, Ibilbideak 2.959 metrotako distantzia izango du. Partaide guztiek probako oroigarri bat jasoko dute, zeharkaldiaren elastikoa eta igeri egiteko txanoa.
Pasealeku Berriko Igeriketa Zeharkaldia
Noiz. Abuztuak 15, 11:00etan.
Ibilbidea. Haurrak, Kaitik Kontxara (650 m). Helduak, Zurriolatik Kontxara (2.959 m).
Izen ematea. www.kirolprobak.com. Azken eguna, abuztuak 11.
Prezioa. Nagusiak: Txiparekin, 14 euro; txipa alokatuta, 17 euro. Haur Maila: Txiparekin, 8 euro; txipa alokatuta, 11 euro.
Gehienezko partaide kopurua. 500 igerilari.

