Urko Menaia: "Turismoa egiteko baino, kantatzeko gogotsu nago"
Gitarra hartu eta Ipar Amerikako mendebaldetik ekialdera egingo du bidaia Groseko kantariak. Vancouver-en hasi eta Rhode Island-en amaituko du bira.
Esperientzia berria bizitzear da Urko Menaia (Gros, 1974). Kanada eta AEBetara joango da lehen aldiz, bira egitera. Ipar Amerikako Euskal Etxeek [North American Basque Organizations] gonbidatu dute abuztuan, haien egoitzetan zuzenean jotzeko. Abuztuaren 6an egingo du lehen kontzertua, Kanadan, Vancouver-en. Handik Gardnervillera, Nevadara, joango da abuztuaren 13an. Abuztuaren 20an, Denver-en, Koloradon joko du. Abuztuaren 25ean, Brooklynen, New Yorkeko euskal etxean; eta Rhode Island-era iritsiko da, abuztuaren 27an.
Nola heldu zen AEB eta Kanadako euskal etxeetan jotzeko gonbidapena?
Ba ustekabean. Interneten euskal etxeen webguneak begiratzen hasi nintzen, eta NABOren webgunean nire azken diskoaren aipamena ikusi nuen. Idatzi egin nien, eskerrak emateko. Erantzuna egin zidaten. Donostian izan zirela, eta kalean jotzen ikusi nindutela esan zidaten. Diskoa ere erosi zuten. Animatuz gero AEBetara joateko aukera nuela esan zidaten. Duela bi urte gertatu zen hau. Aurrekontuak direla eta, iaz ezin izan zuten birarik prestatu, baina orain heldu da ordua.
Non joko duzu?
Hasieran soilik bi data nituen. Kantari Egunean jotzeko gonbidapena luzatu zidaten lehendabizi. Aurten Gardnervillen, Nevadan, ospatuko dute, abuztuaren 13an. Vancouver-en, Kanadan, ere zuzeneko bat egiteko aukera eman zidaten. Beste emanaldiren bat lortzen bazuten ba askoz hobe… eta pixkanaka kontzertu gehiago lortu zituzten. Herrialde osoa ezagutzeko aukera emango dit bira honek. Goitik, ipar mendebaldetik, Kanadatik hasiko naiz; Nevadara joango naiz ondoren; erdian, Denver; eta ekialdean, Brooklyn eta Rhode Island.
Zein kanta aurkeztuko dituzu?
Iaz Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin argitaratutako Ametsak eta oroitzapenak diskoko abestiak joko ditut. Nire webgunean kanta horiek daude entzungai. Halere jende askok komentatu dit ikusleek eskertuko dutela abesti zaharrak jotzea.
Euskal kantutegiko abestiak ere joko al dituzu?
Ez dakit zein kanta dituzten gustuko. Ez dakit zein musika mota iritsi zaien,eta uste dut leku bakoitzean euskal musika desberdina entzuten dutela. Mikel Markez eta Erramun Martikorena ere AEBetan izan ziren behin, NABOk gonbidatuta. Kantari Egunean abestu zuten, San Frantziskon izan ziren. Markezekin hitz egin nuen haien esperientzia ezagutzeko. ‘Eperrak’ kanta ikasi behar nuela esan zidan. Baina haiek Kalifornia inguruan izan ziren; eta bertako euskaldunen eta Koloradokoen artean alde handia dago. Renoko euskaldunak Euskal Herriko iparraldetik joandako artzaiak ziren gehienbat; Idaho aldean, berriz, gehiago ziren nafarrak eta bizkaitarrak… Eta New Yorken auskalo… Eta Vancouverren berez ez da euskal etxerik. Eslovakiako etxean joko dut, bertan biltzen dira. ‘Ameriketara joan nintzen’ habanera ezaguna omen da Nevadan. Berez jatorrizko izenburua ‘Nevadara joan nintzen’ omen da, eta hala ezagutzen dute bertan. Baina ez dakit hura joko dudan, ez baitu nire estiloarekin bat egiten. Ez dakit, beharbada estiloa aldatu, eta bertsio bat egiten badut… New Yorken oso euskal etxe polita dute, argazkiak ikusi ditut eta badut bertan jotzeko gogoa. Rhode Islandeko New Porteko euskal etxea berriena omen da, hala komentatu didate NABOko arduradunek.
Bertako kantariak ezagutzeko aukera izango al duzu?
Gadnervilleko jaialdian baietz uste dut. Hemen euskal diaspora mitifikatu egin dugu. Harrituta geratzen gara telebistan haien jaialdiak ikusten ditugunean, estetikoki behintzat euskaltasuna mantendu dutela ikusten dugunean. Haiek ezagutzea beste pauso bat izango da, eta ez bakarrik telebistan ikusten dudana. Nik pentsatzen dut komunitate oso desberdinak izango direla. Euskal Herria bera ere oso anitza da.
Joateko irrikitan izango zara…
Bai, badut euskaldun izateko era desberdinak ezagutzeko gogoa; herrialde eta komunitate horiek ezagutzeko irrika. Nik uste dut zur eta lur geratuko naizela. Esperientzia berria izango da. Erabatekoa.
Kantari ez ezik, turista ere izango zara…
Bai, lehen aldiz joango naiz AEBetara. Bidaia oraindik ez dut ondo prestatu, baina Vancouver eta Gadnerville artean badakit San Frantzisko bisitatuko dudala. Halere, turismoa egiteko baino, kantatzeko gogotsu nago. Ilusio gehiago egiten dit bertara kantari gisa joatea turista joatea baino. Turista gisa joatea desberdina izango zen. Kantari gisa gehiago disfrutatuko dudala uste dut. Haien kulturaren parte naizela sentituko dut nolabait.
AEBetara joan aurretik egingo al duzu zuzenekoren bat hemen inguruan?
Hendaiako Kanttu ostatuan joko dut, uztailaren 28an.
Kanta berriak prestatu al dituzu?
Bai, asko konposatu ditut. Kontzertuetan eskaintzen ditut; baina oraindik ez ditut grabatu. Iaz, urrian kaleratu nuen azken diskoa. Bi urteko epea eman nahi diot gutxienez. Gainera kanta gehiago egin nahi ditut. Konposatzeko gogo handia dut. Baditut batzuk, baina gehiago egin nahiditut.
Euskal Herrira itzultzerakoan birarekin jarraituko al duzu?
Ba ez dakit. Hemendik joan eta kanpora joateko gogoa dut. Beharbada Greziara joango naiz aldi baterako. Arestian esan bezala, konposatzeko gogotsu nago.

