Sari potoloagoak eta puntu gehiago banatuko dituzte Zurriolan
Nazioarteko surflari gazte onenak arituko dira lehian Oakley Pro Junior Txapelketan, ostegunetik igandera
www.aspeurope.com. Iaz, 15.000 bisita inguru izan zituen webgune horrek.
Oakley Pro Junior; surf zirkuitua
Noiz. Ostegunetik igandea bitartean, Zurriolan. Ostegunean eta ostiralean, lehiak 8:00etatik 20:00etara izango dira. Asteburuan, itsasoaren egoeraren arabera.
Partaideak. 20 urtetik beherako nazioarteko surflari onenak. Guztira, 100 neska-mutil baino gehiago.
Interneten. www.aspeurope.com
Oakley Pro Junior nazioarteko surf txapelketa Zurriolan jokatuko dute, ostegunetik igandea bitartean. Zirkuitua Donostiatik igarotzen den laugarren urtea da eta, aurrekoetan bezala, Europako eta nazioarteko surflari gazte onenak bilduko ditu. Bai gizonezkoak bai emakumezkoak arituko dira olatu gainean; guztiak ere, 20 urtetik beherakoak. Hala, ostegunean eta ostiralean, egun osoz egongo da surfaz gozatzeko aukera. Izan ere, lehiak 8:00etatik 20:00etara egiteko asmoa dute. Asteburuan, berriz, itsasoaren egoeraren arabera erabakiko dituzte ordutegi egokienak, azken txanparako. Txapelketaren berri emateko, prentsaurrekoa eman sute antolatzaileek, Zurriolako People tabernan.
Pro Juniorra, gazteen nazioarteko zirkuitoaren barruan dago; hurrengo maila, profesionala delarik. Besteak beste, Pro Junior mailako txapeldunak izan ziren: Andy Irons, Joel Parkinson, Jordy Smith, Kekoa Bacalso eta Adriano de Souza. Munduko olaturik onenak dauden hondartzetan jokatzen dituzte probak. Aurten, honako tokietatik igaro da zirkuitua: Reunion eta Lacanau (Frantzia), Newquay (Ingalaterra), eta Las Palmas eta Kantabria (Espainia). Asteburua Zurriolan igaro ostean, Bizkaiko Sopela hondartzara joango da. Guztira, beraz, zirkuituak sei proba izango ditu. Bertan lortutako emaitzen arabera, kontinente bakoitzeko lau surflaririk onenek bi proba itxietan parte hartuko dute; honako tokietan: Keramas (Bali, Indonesia) eta Narrabeen (Australia).
Olatu onei esker, bi izar
Donostiako Zurriola hondartzako olatuak nazioartean ezagunak dira. Europan, hiri olaturik onena dela diote; urte osoan surferako egoera ona eskaintzen baitu. Groseko Indarrako Julen Larrañagak azaldu duenez, Donostiako olatuek lortutako maila igoera da aurtengo berritasun nagusia. «Izar batetik bi izar izatera igaro gara. Beraz, sarietan diru gehiago emango dugu, eta zirkuiturako puntu gehiago banatuko ditugu». Azken finean, Zurriolak maila igoera lortzeak surflari hobeak erakarriko ditu. «Izar kopurua igotzea, surflarien mesederako da. Atzerritik datozenentzat, ez da gauza bera 700 euro edo 2.000 euro irabaztea».
Zurriolako lehian, 100 surflari baino gehiago arituko dira, eta noski, faboritoak ez dira faltako. Gizonezkoen artean, honakoak nabarmentzen dira: Ramzi Boukhiam, Tom Cloarec, Medi Veminardi, Pierre Valentin Laborde, Vasco Ribeiro, Frederico Morais, Dimitri Ouvre eta Leonardo Fioravanti. Emakumezkoen artean, berriz, Justine DuPont, Canelle Bulard, Joanne Defay eta Marie Dejean dira aipagarrienak, besteak beste.
Gipuzkoa ere ongi ordezkatua egongo da, gizonezko eta emakumezkoen mailetan. Groseko Indarra taldeko Borja Agote egiatarra, eta Ethan eta Julen Egiguren anaia oiartzuarrak lehian arituko dira. Alex Iriondo eta Imanol Yeregi zarauztarrek ere ez dute hutsik egingo. Emakumezkoetan, Ainara Aimat, Garazi Sanchez eta Loiola eta Leticia Canales dira aipagarrienak. Larrañagaren hitzetan, teknifikazio saioei esker, bertako surflarien maila igotzen ari da. «Lehen euskal surflariek nazioartekoekin zuten aldea handiagoa zen, pixkanaka tartea gutxitzen ari da», azaldu du Larrañagak.
Gipuzkoako Surf Federazioko Iulen Elkororen hitzetan, Aldundiak lau urte daramatza teknifikazio saioak babesten. «Surflarien artean belaunaldi aldaketa egon da; orain zaharrenek 17 urte dituzte eta guk uste baino azkarago hobetu dute». Gipuzkoarrek irabazteko aukera gutxi dituzten arren, lan ona egin dezaketela dio. «Gipuzkoarrak finalerdietan sartzen badira, oso ongi egin dutela esan nahiko du». Ondoren, Julen eta Ethan Egiguren anaiek hartu dute hitza. Julenek wilcard gonbidapenari esker parte hartuko du, eta horregatik eskerrak behin eta berriro eman ditu. «Euskal Herrian gonbidapena jaso zezaketen surflari asko daude», aipatu du 14 urteko gazteak. Ethanek 17 urte ditu eta finalerdietan sartze du helburu.
Musika eta sariak
Zurriolara hurbiltzen direnek kontzertuez eta hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute. Oakley babesle nagusia izanik, Rolling O’Lab kamioia ekarriko du. Bertan kontzertuak eta sari zozketak egingo dituzte. Lehia Internetez jarraitzeko aukera ere egongo da: