Hiriko aintziretan ohikoak diren beltxargen txitak dira, bata grisa, bestea zuria. Egun gutxi dira jaio zirenetik, eta ordutik, jaioberriak gertutik ikusi nahi dituztenen bisitak ugariak izan dira.
(Argazkia: Maitane Aldanondo)
Aieteko aintzirak bizilagun berriak ditu. Uda partean etxean gehiegi izateko gehiegi hazi diren dortokak bertan uzten dituzte askok, baina oraingoak ez dira oskoldunak. Urmaela bizitoki duen beltxarga bikoteak bi kume izan ditu, eta jada ikus daitezke helduak eta txitak alde batetik bestera elkarrekin igerian. Beltxargek 30-35 bat egunez txitatzen dituzte esku ahurraren tamaina duten arrautza berdeak. Oskola puskatu eta kanpora noiz irten ziren inork ez daki ziur, baina asteartea da gehien hautatu den eguna. Topalekuko langileek nahiz parkera maiz joaten direnek, egun horretan izan zela diote. Mari Karmen Ilarreta aietearraren hitzetan, “aurretik emea txitatzen ari zela ikusi dut. Asteartean jaio ziren txitak, baina hainbat egunetan amak zaindu egin ditu uretaratu baino lehen”. Batailatu zituztenetik, berria jaso dutenen nahiz beraiekin topo egin dutenen jakin-min iturri dira.
Gaur goizeko euriak eguerdi partean atseden hartu duenean, Aintziraren itxiturako barandara hurbildu da jendea. Argazkiak egin eta jaten ematen dietenei zeresan asko eragin die bizilagun berrietako batek. Izan ere, gurasoen lumak zuri kutsugabeak badira ere, txikietako bat gris kolorekoa da. Ogi zatiak botatzen zizkieten bi neskato liluratuta gelditu dira txikiaren kolorearekin; hauen amona, aldiz, ilunenak ia jatez ez zuela kezkatzen zuen.
Ikusminak badu bere zergatia. Aiete parkean beltxargak izatea ohikoa den arren, heldu berriek arreta berezia jaso dute, bertan jaiotako lehenetakoak baitira. Topalekuko kafetegiko langileen arabera, aurretik beste txita batzuk ere jaio ziren, baina horiek Egia parkera eraman zituzten. Gai hauen ezagule den Haritzaldeko Joseba Gurutz de Vicentek, aldiz, lehenak direla uste du. “Beste batzuetan saiatu dira, arrautzak jarri dituzte, baina ez direla jaio esango nuke”.
Kaioen eta dortoken beldur
Txita txikiek gurasoek lagunduta igeri egiten dut. Beltxarga helduetako bat uneoro dute alboan, izan ere, lehen bi asteak oso arriskutsuak izaten baitira beraientzat, ondoren, hazten doazen heinean hil edo desagertzeko aukerak murrizten dira. Jaioberrien bi etsai nagusiak zeintzuk diren Gurutz de Vicentek azaldu du: “Dortokak handiak direnean, urpetik joan, hondoratu eta jan egiten dituzte kumeak. Txikiak badira, ez dute hori egiteko gaitasunik”. Beltxargek adi egon beharko dute ere kaioekin. “Jaioberriekin zoratu egiten dira. Harrapatu, eta ia bizirik, irentsi egiten dituzte guk tabernetan pintxoak eta kroketak moduan. Oso amarrutsuak dira, uretatik, korrika edo airetik joaten dira, eta beltxargak erne egonda ere eraman ditzakete”. Agian horregatik, beltxarga arrak desafiatzaile begiratzen die gehiegi gerturatu nahi dutenei. “Pertsonaren bat edo arriskuren bat habira hurbiltzen bada, ez dira kokilduko, lumak harrotu, eta eraso egingo die”, ohartarazi du Haritzaldeko kideak.
Aurrera egitea lortzen badute, luzaroan ikusgai izango dira hegaztiok Aieteko parkean. Betiere, hegan beste toki batera joatea erabakitzen ez badute. Izan ere, hauen gurasoek hegalak ukondotik behera moztuta dituztenez ezin dute hegan egin; kumeek, ordea, bai.