Bach-en musikan inspiratutako jazza
‘Juan Sebastian Jazz’ kontzertuan Iñaki Salvador eta Alexis Delgado izango dira pianoa jotzen
Musika Hamabostaldiak eta Jazzaldiak musika klasikoa eta jazzaren arteko zubi lana egin dute. Bi jaialdiek elkarlanean Juan Sebastian Jazz kontzertua prestatu dute. Alexis Delgado (Madril, 1977) piano jotzaile klasikoak eta Iñaki Salvador (Donostia, 1962) jazz estiloko pianistak izango dira ikuskizun honetako protagonistak. Juan Sebastian Bach musikagile handiaren inguruan egindako emanaldia izango da. Viktoria Eugenia Klubean joko dute abuztuaren 5ean, 22:30ean.
Belaunaldi eta garai desberdinetako musikagileak inspiratu ditu Bach konpositoreak. Modu akademikora eta inprobisaziora egokituta ere interpretatu daitekeela erakutsiko dute Delgadok eta Salvadorrek. Biek ala biek ibilbide profesional arrakastatsuak egin dituzte. Viktoria Eugeniako emanaldia ez da bi pianoko kontzertua izango. Euren interpretazioak tartekatu egingo dituzte, txandaka joko dute, alegia. Bakoitzak Bachen musikaren inguruan duen ikuspegia azalduko du. Dena den, baliteke piezaren bat elkarrekin jotzea.
Euren pianoak aurrez aurre jarriko dituzte. Musika klasikoa eta jazzaren arteko zubia eraikiko dute bien artean. «Etiketarik gabeko musika askearen jarraitzaile sutsutzat» dute euren burua, pianoaren teklatuan egin daitekeenarena bereziki. Elkarri dioten miresmenetik abiatuta, pianoan eseriko dira bakoitzak bere musikaren hizkuntzan interpretatzeko Bachen obra.