Gerrako umeen drama
Gatazka armatuetan haurtzaroa galdu duten haurrei buruzko erakusketa ireki dute Aiete kultur etxean; abuztuaren 31 arte izango da ikusgai
Erakusketa
‘Hegan egitea debekatuta: haurtzaroa eta gatazka armatuak’
Non. Aiete kultur etxean.
Noiz. Abuztuaren 31 arte zabalik.
Ordutegia. Asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara. Larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:30etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara.
Indian, El Salvadorren, Ruandan, Angolan, Kolonbian, Perun, Iranen… Munduko hainbat herrialdetan milaka haur gatazka armatuen biktima dira. Gerraren krudeltasuna sufritzera kondenatuta bizi dira. Zauri fisikoak bakarrik ez. Askotariko zauriek markatzen dituzte betiko: etxe gabe geratzen dira, gurasoak galtzen dituzte, baztertu egiten dituzte… Eta are okerrago. Euren biziak arriskuan jartzera behartzen dituzte: egun, 300.000 neska eta mutil daude armadan sartuta gerrarako. Gainera, gerretako biktimen %90a herritarrak dira, eta horien erdia, haurrak. Errefuxiatuen kopurua ere ikaragarria da. Hogei milioi errefuxiatu dira munduan, eta horien erdia haurrak dira. Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxeak eta Gernikako Bakearen Museoak Save the Children elkartearekin elkarlanean haurtzaroa eta gatazka armatuen inguruko erakusketa ekarri dute hirira: Hegan egitea debekatuta.
«Bidezkoak ala ez, garaileak ala penagarriak… Gerra guztiak haurren aurkako gerrak dira». Hala uste du Eglantyne Jebb-ek Save the Children gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak. Izan ere, azken hamar urteetan bi milioi haur baino gehiago hil dira, eta gutxienez sei milioi larriki zauritu dituzte. Hain zuzen, erakusketak hamasei argazkilarik munduko hainbat gatazka armatutan egindako irudiak biltzen ditu. Gervasio Sanchez (Espainiako Argazkigintza Saria), Corinne Dufka, Jorge Zapata, Eduardo Urdangaray, Kim Manresa,Agustin Catalan, Jose Luis de la Cuesta, Ramon Jimenez eta Miguel Berrocal argazkilariek parte hartu dute, besteren artean.
Indarkeriak haurrengan izan duen eragina islatzen dute argazkiek; gerran bizi diren hainbat herrialdetako haurrek zein egoerei aurre egin behar dieten erakusten dute. Argazkiek testuekin bat egin dute, gainera: haurren doktrinamendua aztertzen dute, haur soldaduen bizimodua dokumentatzen dute, beren familien suntsipena erakusten dute, pertsonen aurkako minen ondorio ikaragarriak azaltzen dituzte, bonbardaketen eraginez errefuxiatu gisa bizi direnen arrastoari jarraitzen diote…
Behin indarkeria bukatutakoan, gerraren mamua ez dute horren erraz ahazten. Oraindik euren bizitzaren aldeko borroka gogorra geratzen zaie. Ezustean hazi eta helduak izan behar direla ohartzen dura. Beranduegi da jada galdutako haurtzaroa berreskuratzeko.
Erakusketa osatzeko bi film labur izango dira ikusgai. Hain zuzen, iragan Giza Eskubideen Zinemaldian proiektatu zituzten: Sejong Parken ‘Birthday Boy’ (2004) eta Alberto Doradoren ‘Lost’ (2009).
‘Hegan egitea debekatuta’ lau hizkuntzatan ekoitzi dute: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez. Donostiako eta Gernikako bake hazitegien lankidetza hau «beste pauso bat da bi erakundeek 2016an bizikidetzaren kultura, giza eskubideak eta bakea bultzatzeko» egingo dituzten ekimenetan. Aiete kultur etxean abuztuaren 31 arte izango da ikusgai. Donostiatik Gernikao Bakearen Museora eramango dute urriaren 20an.
Aiete kultur etxean bertan Ceinproko ikasleen argazkiek giza eskubideen adierazpenari buruz osatutako erakusketa bisita daiteke: ’30 eskubide… ezta bat gutxiago ere’.