Gomez: "Zinemaldia jaialdi herrikoi bihurtu nahi dute"
Zinemaldiko administrazio kontseiluan gobernu kideak izango dira udal ordezkariak
Tabakalerako administrazio kontseiluko ordezkarien artean PPko zinegotziak alboan uzteak hautsak harrotu zituen; bada, Zinemaldirako Udal Gobernuak egindako udal ordezkarien hautaketak ere oposizioaren haserrea piztu du, lau ordezkariak Bilduko gobernu kideak izango direlako.
«Ez zintzotasunez ari»
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascoren hitzetan, alkatea eta bere taldekideak «ez dira zintzotasunez ari», ez dutelako agindutakoa bete: Udalbatzak duen proportzionaltasuna errespetatuko zutela agindu zuten baina ez dute hitza bete eta ziria sartu die herritarrei».
Itxurakeria
Udal Gobernuaren jarrerarekin ere ez dator Eneko Goia bat. «Itxurak egiten» aritu direla erakutsi dutela dio, Udalbatzak duen ordezkari kopurua errespetatuko zuteneko hitzak «bi egun besterik» ez dituelako iraun.
Ramon Gomezek osoko bilkuran gutxiengoa dutela gogorarazi die Bilduko ordezkariei. «Udalbatza osatzen duten 27 zinegotzietatik 8 ditu».
«Nazioarteko izarrik gabe»
Bilduk, gainera, Zinemaldia eraldatzeko asmoa duela kexu da PPko bozeramailea. Oposizioa bazterrean utzita, «jaialdia euskaldundu eta euskal kulturara egokitu» nahi dutela aditzera eman du. Horrekin batera, «nazioarteko zinema izarrik gabeko» Zinemaldia nahi dutela adierazi du. «Jaialdi herrikoi» bilakatu nahi dutela ondorioztatu du Gomezek.
Kultura aberastu
Bilduko bozeramaileak Josu Ruizek, bestetik, Udal Gobernuak Jazzaldia, Hamabostaldia eta Zinemaldia bultzatzen eta horiek babesten jarraituko dutela azpimarratu du. Nazioarteko leiho izateak, gainera, Donostia eta bertako kultura zabaltzen laguntzen nahiz aberasten duela erantsi du.