"Luxuzko aldamioak" atzera egitea txalotu dute ekologistek
Datozen urteetako proiektu izarra izango zena, bazterrean geratzeko bidean ikusteak atseginez hartu dute hiriko hainbat elkarte ekologistek. Haritzaldeko kide Marko Sierrak, Eguzkiko Juan Mari Beldarrainek eta Felix Soto Uliako auzo elkarteko lagunak, behinik behin, Udal Gobernua zoriondu dute Monpaseko pasabidea ez dutelako begi onez ikusten. «Gure ustez, Uliako labarretan jarritako luxuzko aldamioa litzateke», dio Felix Sotok. Gobernu aldaketak egitasmoarekiko interesa irauli duen arren, Monpaseko pasabidea atzera botatzeko beste hainbat argudio badaudela eta horiek ezkutuan uzten ahalegindu direla adierazi dute.
Saguesetik Monpasera doan labarra ingurumen babesa duela argi utzi dute, lehenik. Hala nola, Europako Batasunak ingurune natural bezala babestuta duela eta Eusko Jaurlaritzak ere babes bereziko eremu izendatzeko proposamenak egin dituela gogorarazi dute.
Donostiarrek babestutako eremu izanagatik baino, bertan egin nahi zuten pasabideagatik zela ezagun jakinarazi du Marko Sierrak. Eurek egindako inkesten arabera, %15 inguruk daki Uliako haitzek ingurumen babesa dutela. Herritarrek babes horren berri izango balute, egitasmoarekiko jarrera bestelakoa izango litzatekeela uste du Haritzaldekoak.
Pasabidearen onurak goraipatzeko ahalegin handia egin dela nabarmendu dute hiru ordezkariek. Zabaldutako irudi askotan, esaterako, pasabideak izango lukeen benetako eraginaren zantzurik ez dela ageri diote.