Sito Alonsok Lagun Aro entrenatuko du datozen bi denboraldietan
Klubak jakinarazi duenez, bihar goizean aurkeztuko dute entrenatzaile berria, Donostia Arenan
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek eta Sito Alonsok lortu dute akordioa. Alonso GBCko entrenatzailea izango da hurrengo bi denboraldietan. Klubak gaur arratsaldean jakinarazi duenez, Alonsok taldearekin kontratua sinatu du, 2012-13 denboraldira arte. Entrenatzaile berriaren aurkezpena, bihar izango da, 11:00etan, Donostia Arenako prentsa aretoan. Beraz, jakina da nork beteko duen Pablo Laso gasteiztarrak utzitako hutsunea.
Gaztea eta esperientziaduna
Sito Alonso Madrilen jaio zen 1975eko abenduaren 4an. Laster Zaragozara joan zen eta bertako saskibaloi taldeko maila guztietan jokatu zuen. Bere aita emakumezko taldeen entrenatzailea zen, eta Sitori eskola talde bateko entrenatzaile izateko aukera eman zion. Ordutik, jokalari eta entrenatzaile lanak uztartu zituen. Helios klubeko entrenatzailea izan zen. Ondoren, Huescako EBA mailako Monzon taldean aritu zen, bigarren entrenatzaile bezala. Gero, Aito García Reneses entrenatzailearen laguntzailea izan zen, Joventut-ekin ACBn. 2008an, lehen entrenatzaileak taldea utzi zuenean, berak hartu zuen postua.