Bilduk udalaz gaindiko erakundeetan parte hartzeko gonbita egin dio oposizioari
Ricardo Burutaran Udal Gobernuko zinegotziak jakinarazi duenez, udalaz gaindiko erakunde, elkarte eta mankomunitateetan oposizioaren ahotsa entzutea nahi dute. Hala, erakundeotako zeinbat udal ordezkari oposizioko kideen artean banatzeko proposamena egin du Udal Gobernuak. Aurreko Gobernuak halako aukerarik ez zuela egin argi utzi nahi izan du Ricardo
Burutaranek eta Gipuzkoako Garraio Agintaritza jarri du adibide. Erakunde horretan oposizioak orain arte parte hartzeko aukerarik ez duela izan aditzera eman du; agintaldi honetan, berriz, bi udal ordezkarietatik bat oposizioko zinegotzi izango da.
Erakunde horietan oposizioaren ahotsa entzun ahal izatea «zeharo garrantzitsua» dela azpimarratu du Bildukoak. Orain, hortaz, oposizioaren txanda izango da, euren artean ados jarri beharko dutelako, Gobernuaren proposamena onartuz gero, ordezkaritzak nola banatu erabakitzeko.
Hala nola, Gobernuak egin duen banaketaren arabera, Añarbeko mankomunitatean Udalak dituen bost ordezkarietatik bi hartuko ditu oposizioak, Cristina Enea eta Kursaal Fundazioan beste horrenbeste, eta Miramarren hirutik bat.