Autobus konpainiaren bihotzean
Gaztetxoen elkarteak antolatutako ‘Donostia ezagutuz’ ekimenean parte hartzen ari diren haurrak Dbus-en egoitza bisitatzen ari dira uda honetan zehar; Irutxuloko Hitzak eurekin bat egin du eta enpresaren erraiak ezagutu ditu.
Niri autobus bikoitzak gustatzen zaizkit!» esan du haur batek; «niri bolante erraldoi hori!», besteak. Etorkizuneko erabiltzaileak hezi eta haurrak garraio publikoaren nondik norakoetara ohitu daitezen nahi du Donostiako Dbus enpresak. Horretarako, Gaztetxoen elkarteak antolatutako Donostia ezagutuz udalekuetan parte hartzen diren haur talde batek bisita didaktikoa egin du Intxaurrondora.
Bertan, Asier Colina ikuskatzaileak enpresaren atal ezberdinak azaldu dizkie: antolakuntza eta gidari, ikuskatzaile eta mekanikarien lana; tailerren funtzionamendua; garbiketa, mantenu eta horniketaren ezaugarriak; kontrol zentroaren berezitasunak, etabar. Haurrek, beren aldetik, ohikoa duten naturaltasunarekin galderak egin dituzte eta beren pasadizoen berri eman dute.
Zaldietatik egungo tailerrera
Hasteko, Colinak historia pixka batekin ilustratu ditu, eta DBUSen hastapenetara atzera egin dute argazkien bidez. Enpresa zaldietatik autobus elektrikora pasa zen, hortik trollebusera eta hemendik lau gurpildun autobusetara. Jarraian, kontrol gelan ikuskatzaileen lanari erreparatu diote; GPSen seinaleak, irratia, autobus kanpoko eta barneko kamarak…
Ondoren, zatirik dibertigarriena iritsi da, eta, hain zuzen ere, hori tailerrera jaitsi eta autobusekin hartu-emanean egotea izan da. «Zenbat balio du autobus batek?», galdetu du haur batek. «300.000 euro!» erantzun dio Colinak.
50 kiloko gurpilak nola manipulatzen zituzten ere ikusi dute, eta autobusak barnetik zein kanpotik garbitzeko sistemen lekuko izan dira. Aspiragailuarekin, adibidez, harrituta geratu dira; arropa zein indartsu xurga zezakeen ikusita!
Txikiak, baino azkarrak
Salneurriengatik galdetzen hasita, beste haur batek gurpilaren prezioarengatik ere galdetu du. 500 eurokoa dela esan diote, baina diruaren balioaz gehiegi jabetzen ez direla agerian utzi dute; «Ah, hori, 5.000 zentimo dira!», besteak. Dena den, gararrantzitsuak diren arloetan zein azkarrak diren erakutsi dute; «zergatik dira eserleku batzuk horiak eta besteak berdeak?».«Berdeak zaharrentzat dira! Nik behin utzi nion eserlekua gizon bati». «Horixe, zaharrentzat eta ibiltzeko zailtasunak dituztenentzat». Nota onarekin gainditu dute bisita, hortaz.