Bidaiariek ostiralean estreinatuko dituzte tren berriak
Urte bukaerarako bederatzi trenek ordezkatuko dituzte Eusko Treneko ibilgailu zaharrak
Zaharren ondoan distiratsu ageri dira EuskoTreneko tren berriak. Labetik atera berri zuten trenak maiatzaren erdialdean egin zuen lehen proba bidaia. Harrezkero, 1977 eta 1985 urte artean jaiotako ahaide zaharrenekin egin dute topo Easoko tren geltokian nahiz Lasarte-Hendaia arteko ibilbidean. Orain arte, baina, teknikari eta gidariek izan dute tren modernoen berritasun eta ezaugarriak bertatik bertara ezagutzeko aukera. Bidaiariak, honenbestez, irrikaz zeuden tren zaharrari agur esan eta berria barrutik gozatu ahal izateko. Bada, Euskotreneko biltegia zaharberrituko duten trenek etzi, 11:00etatik aurrera, egingo dute lehen bidaia, Easoko geltokitik abiatuta.
Hendaia eta Lasarte arteko bidea egiten duten bidaiariak izango dira, EuskoTreneko sareari dagokionez, XXI. mendeko tren batean bidaiatzea zer den frogatzeko aukera izango duten lehenak. Hiru tren izango dira hasiera batean Donostia, Oarso eta Bidasoaldeko herrietatik barrena ibiliko direnak. Urte bukaerarako, ordea, bederatzi izango dira estreinatuko dituzten trenak.
Helburua milaka eta milaka bidaiari garraiatu dituzten tren zaharkituak ordezkatzen joan eta 2014. urterako sare osoa zaharberritzea da, kostaldera doazen bidaiariek ere tren moderno eta erosoetan bidaiatzeko aukera izan dezaten.
EuskoTrenek, denera, ehun kilometro orduko abiada har dezaketen 30 tren erosiko ditu. Eusko Jaurlaritzako Garraio sailak 201 milioi euroko inbertsioa egingo du.
Gipuzkoarrak
Tren bakoitzak 4 kotxe ditu eta 214 bidaiari garraia ditzake eserita. Barrualdeak inolako trabarik ez duen diseinua du, bidaiariak erosotasunez ibil daitezen. Trenek, gainera, gipuzkoar jatorria dute, Beasaingo CAF enpresan egin baitituzte. Diseinuan ere LKS Arrasateko enpresaren laguntza izango dute.
Mugikortasuna errazteko oztoporik gabeko diseinua izateaz gain, geltokietatik sartzekoan, ezustekorik egon ez dadin, arrapala automatikoak erantsi dituzte ateetan, baita itsuentzako berrikuntzak eta gorrentzako argi bidezko seinaleak ere. Horrekin batera, beharrezkoa den informazioa eskaintzeko aplikazioak ezarri dituzte. Trenetan ikusgarri egongo den informazioa, gainera, bidaiarien esku egotea aurreikusi dute. Hala, Bluetooth bidez ala internet bidezko deskargen bidez, bidaiarientzat baliagarria izan daitekeen informazioa eskuragarri jartzea espero dute. Azken batean, ibilbide, ordutegi edota tarifen inguruko xehetasun bila dabiltzanentzat buruhausterik txikiena eragitea da asmoa.
Teknologia berriek, era berean, EuskoTrenentzat baliagarria izango diren datuak eskainiko dituzte. Tren berriek ateetan izango dituzten sentsoreen bitartez, sartzen den bidaiari kopurua zenbatu ahal izango dute. Era horretan, tren zerbitzua eskaeraren arabera egokitzeko aukera izango dute. Bidaiariez gain, energia kontsumoa neurtzeko baliabideak eskura izango dituzte, trenak gidatzerakoan iraunkorragoak izateko neurriak har ditzaten.