"Entrenatzaile batek ez du zertan klub bat goitik behera aldatu behar"
Bere estiloa duen arren, GBCra egokitzen saiatuko dela esan du Sito Alonsok Donostia Arenako aurkezpenean
Sito Alonsok bere lehen agerraldia egin du Donostia Arenako prentsa aretoan, gaur goizean. Nahiko serio agertu da eta bere estiloa duen arren, klubera egokitzen saiatuko dela azpimarratu du. Atzo sinatutako kontratuaren ondorioz, bera izango da Lagun Aro GBCko entrenatzailea datozen bi denboraldietan. Gorka Ramoneda GBCko presidentearekin azaldu da entrenatzaile berria. Ramodenak egin du aurkezpena: «Sitok hazten lagunduko digula uste dugu eta gure nahiak berarekin bete daitezke. Urte askoan geratzea espero dut». Negoziaketetan denbora asko eman dutela iruditu arren, kontua azkarra izan dela azpimarratu du Ramonedak. «Guztia oso azkar joan da; ostegunean edo ostiralean hasi ginen hitz egiten». Sitok hitza hartu duenean, eskerrak eman dizkio klubari, lehenik eta behin, emandako aukerarengatik.
Badalonako Joventutekin izan du esperientzia ACBn Alonsok. Lehenengo, 2005-06 denboralditik 2007-08ra, Aito Renesesen laguntzailea izan zen. Hurrengo bi denboraldietan, berriz, 2010eko martxoa arte, lehen entrenatzailea izatera igaro zen. Ordutik, talderik gabe egon da, baina alde batetik bestera ibili da hitzaldiak ematen. «Historia handiko klub batetik hazten ari den beste batera etorri naiz. Hemen egoteaz harro eta lanerako irrikaz nago nago», aipatu du Alonsok.
Ondoan izango duen talde teknikoa, berriz, Pablo Lasok izandako bera da. Hala, Alonsorekin batera lan egingo dute Hugo Lopezek eta Lolo Encinasek. «Entrenatzaile batek ez du zertan klub bat goitik behera aldatu behar». Hala, bere entrenatzaile estiloaz, Aito Renesesen zantzuak izan ditzakela onartu behar izan du. Hala ere, bereziki Reneses «laguna» duela aipatu du behin eta berriz. «Elkarrekin Badalonan egon ginen hiru urteak bere bizitzako onenak izan zirela esatera ausartuko nintzateke». Pablo Lasorekin parekatzerakoan, biek aita entrenatzailea izan dutela adierazi du. «Aitarengandik jaso dugu biok entrenatzaile sena».
Fitxaketetan pentsatzen
Momentuz, aurreko denboraldiko jokalari gutxi batzuk baino ez ditu lotuak GBCk. Hortik abiatuta, bospasei fitxaketa egin beharko ditu klubak, talde lehiakorra osatzeko. «Oso garrantzitsua da bost jokalari horiek taldean izatea, abantaila iruditzen zait. Halako ezaugarriak dituen edozein taldek nahiko lituzke. Taldea osatu dezaketen jokalari asko ditut buruan, ikusiko dugu zein etor daitekeen». Edonola ere, bere estiloa Gipuzkoa Basketera egokituko duela ziurtatu du. «Berezko estiloa dut jokoari dagokionean, Badalonan urte eta erdiz mantendu nuena. Han oso ongi funtzionatu zuen, baina, hemengo egoera oso desberdina denez, nire burua eraldatzen saiatuko naiz». Edonola ere, Gipuzkoa Basketekin oso identifikatua sentitzen dela adierazi zuen. «Klubak nire izaeraren oso antzeko egitura du». Gainera, oso argi utzi du, gaztea izan arren, baduela esperientzia. «22 urte nituela EBAn jokatzen zuen talde bat hartu nuen. Nire prestaketa ekintzekin erakustea gustatzen zait; hori da balio duena».
Zaleen inguruan ere galdetu diote entrenatzaileari. «Ez dit axola jarraitzaileek asko eskatzeak, niri gauzak oso ongi egitea gustatzen zait». Hala ere, oraindik zein jokalari izango dituen ez dakienez, ez da helburuak aipatzen ausartu. «Lehenik eta behin, talde lehiakorra osatu beharko dugu, eta zaila izango da. Gero, elkarrekin hazten saiatuko gara, denboraldi hasieratik bukaerara aldea nabari dadin. Gainontzeko klubetako aldaketak ere ikusi beharko ditugu».