Jaun-andreok… B.B. King!
40.000 ikusle espero dituzte bihar bluesaren erregeak Zurriola hondartzan egingo duen kontzertuan
Bluesaren erregea, gitarra jotzaile bikaina, mito bizia, handiena… B.B. Kingen izenaren ondoan idatzi den adjektibo zerrenda amaigabea da. Musika genero baten historia idatzi duela esan daiteke; 60 urte baino gehiago eman ditu eszenatokian, eta 85 urte bete ditu. Oraindik ere, urtean hogei kontzertu inguru egiten jarraitzen du. Adina publikoa hunkitzeko traba ez dela erakutsiko du gaur Jazzaldian, Zurriola hondartzan, eguraldi txarrak zapuzten ez badu behintzat. Bere gitarraren sokak astitzen hasten denean ekingo dio ordubeteko ikuskizunari.
Riley B. King du benetako izena, baina antzinako ezizen baten laburdurarekin (The Street Blues Boy King) egin da ezaguna mundu osoan. Itta Benan [Mississippi, AEB] jaio zen 1925ean. Dolar gutxi batzuekin heldu zen Menphisera 1947an; musika ibilbideari ekin zion bertan, bere konta ezin ahala jarraitzaileren gozamenerako. Gaur, 21:30ean Jazz Band Ball festak eztanda egingo du bluesmana eszenatokira igotzen denean. Jazzaldiaren antolatzaileek 40.000 lagun espero dituzte bere emanaldian.
Jazz Band Ball festa, ordea, ez da soilik Blues Band Ball festa izango. B.B. King erregearen erresuman beste musika estilo batzuk ere izango baitira entzungai. Tucson Jazz Institute Ellington Band taldeak AEBetako jazz musikaren klasikoak interpretatuko ditu 20:00etan, Frigo gunean. AEBetan tradizio luzea dute jazz amerikar klasikoan espezializatutako ikasle banda handie, eta horixe da hain zuzen Tucson Jazz Institute Band. Ordu berean, Heineken karpan Elephant 9 hirukote norvegiarra ariko da. Hammond organoan oinarritutako «power trio» bat da. Jazz, funk, rock eta psikodelia elementuak nahasten dituzte. Bestalde, Oreindik eta The Free Fall Band jaialdiaren Zu falta zara leihaketan boto gehien lortu duten taldeak Coca Cola gunean izango dira.
Musika beltza
Hip hop eta funk zaleek lekua hartu nahi izango dute Aloe Blacc kaliforniarraren zuzenekoan. Frigo gunean izango da jatorri panamarreko musikaria. Abestu ez ezik, tronpeta eta pianoa ere jotzen du. Eta rapeatzen ere badaki; lehen urteetan MC izan baitzen. Musika beltzaren ikuspegi zabala du: hip hop, saltsa eta soul erritmoekin ausartzen baita, besteak beste. HBO telebista kateak I need a dollar abestia hautatu zuen How to make it in America telesail arrakastatsuaren soinu bandarako.
Gauerdia igarotakoan igoko dira agertoki berdera Staff Benda Bilili. Kongotik iritsiko dira musikariak. Poliomielitisaren erruz, batzuk paraplegiadunak dira. Gaixotasun guztien gainetik, taldearen filosofia harro eta indartsu agertzea da, inolaz ere eskale gisa. Harley Davidson itxuran tuneatutako gurpildun aulkietan mugitzen dira. Taldearen lehen diskoa Tres tres fort Europako musika etnikoen zerrendetako buru izan zen. Kongoko errunba, James Brownen estiloko funka, Buena Vista Social Cluben erritmo afrokubatarrak, rhythm & blusa eta reggaea jotzen dute. Talde honen ibilbidea kontatzen duen filma iragan Giza Eskubideen Zinemaldian publikoaren saria eskuratu zuen.