Maleta sari bete ekarri du Galestik Gero Axular dantza taldeak
Nazioarteko Llangollen Eisteddfod lehiaketan bi kategoriatan saritu dute Donostiako elkartea
Onintza Unzurrunzaga dantzaria bakarlari gisa lehiatu zen; eta Gero Axular 15 urtetik beherakoen kategorian. Bietan saria eskuratu zuen Donostiako dantza taldeak. Galesko Llangollengo jaialditik maleta sari bete itzuli dira beraz. Lehiaketa 1947an sortu zen eta egun nazioarteko arte eszenikoen ekimen garrantzitsuenetakoa da. Jaialdira 5.000 artista eta 50.000 ikusle baino gehiago joan ohi dira urtero-urtero. Gainera, Galeserako bidaia dela eta bertako telebistarako eta BBC katerako dokumentala grabatu zuten.
Galesen ondoren bidaiatzen jarraituko dute. Poloniako Lublingo jaialdira eta Eskoziako Aberdeengo jaialdira joango dira.