Moto aparkalekuen aldaketa planifikatzea eskatu du PSE-EEk
Parte Zaharreko eta Erdialdeko aparkalekuek inori kalterik ez ziotela egiten esan du Denis Itxasok
Mugikortasun sailak moto aparkalekuak espaloi gainetik kentzeko hainbat neurri hartu ditu. Hala nola, motoak Bretxa ingurutik bidaltzeko San Juan kalean leku gehiago eskaini die. Moto gidariek, era berean, ezin dute ibilgailua Aita Vinuesa plazan utzi, Zubieta plaza zabaldu duten eremuan baizik. Easo plazan ere neurri bera hartu dute eta gidariek Arte Ederren eraikinaren aurrean utzi behar dute orain motoa.
Aldaketa horiek espaloia zabaldu bai, baina autoak aparkatzeko plazak murrizten dituela ohartarazi du PSE-EE taldeko Denis Itxaso zinegotziak. Denera, 40 bat plaza murriztu direla kalkulatu dute eta hori bizilagunen kaltetan dela erantsi du.
Erabaki horiek, gainera, ondorioetan gehiegi pentsatu gabe hartu direla uste du Itxasok. Izan ere, motoak espaloi gainetik ibili arren, eragozpenik ez zutela sortzen aditzera eman du zinegotziak. Are gehiago, motoak San Juan kalera bidalita, zarata handiagoa eragingo dutela gaineratu du.
Horregatik, planifikazioa beharrezkoa dela azaldu du Itxasok, baita erabaki horiek hartu baino lehen herritarren parte hartzea sustatzea ere. PSE-EEko zinegotziaren hitzetan, neurri horiek kaltetutakoen artean zein erantzun duten jakiteko, Mugikortasun aholkularitza batzordearen iritzia biltzea funtsezko jo du.
Erdialdean ez sartzea
Denis Itxasok astearteko batzordean helarazi zizkion Jon Albizu Mugikortasun zinegotziari moto aparkalekuetan egindako aldaketen inguruko kezkak. Itxasoren hitzetan, autoa uzteko lekuak murriztuta, autoak Erdialdera ez erakartzea du Jon Albizuk zuzentzen duen Mugikortasun sailaren xede.
Aparkatzeko lekuak gutxituz, baina, kale bazterretako aparkalekuak ordenatzeko sistema kudeatzen duen enpresaren mozkin tartea txikitzen da. Aparkaleku plazak %20tik gora murriztuz gero, enpresak kalte ordainak eskatzeko aukera duela ohartarazi dio PSE-EEko zinegotziak Udal Gobernuari.