EBA mailan jokatzeko beharrezko dirua bildu du Easo Saskibaloi Taldeak
Lehen Mailako txapelduna izan da klubeko gizonezkoen gorengo taldea, eta igoera gauzatuko du
Duela bi aste baieztatu zuten albistea; datorren denboraldian EBA mailan jokatuko du Easo Saskibaloi Taldeko gizonezkoen gorengo taldeak. Aukera zutela jakina zen, Lehen Mailako txapeldunak izan baitziren. Arazoa, ordea, maila horretan lehiatu ahal izateko, klubaren diru-sarrerak ziren. Azkenean, taldeak izena emateko 25.000 euroak batu ditu klubak. Albiste pozgarriaren inguruan hitz egin du Irutxuloko Hitzak taldeko entrenatzailearekin, Gotzon Arrieta (Gros, 1957). «Klub handia gara, baina txikia aldi berean, eta albistea erraz zabaldu da», dio Arrietak. Gainera, sare sozialen bidez bereziki askok jaso dutela berria azpimarratu du.
Edonola, Easok lortu beharreko helburuen artean zegoen igoera. «Gipuzkoan harrobi gehien duen klubak halako pauso bat eman beharra zuen. Profesionaletara igotzerik ez duten jokalari gazteentzako tokia izango da, hori izango da dagokien maila». Gainera, orain arte bezala, etxeko jokalariekin osatuko dute taldea. «Beheko taldeetako jokalarientzat garrantzitsua da aurrera jarraitzeko erreferentzia bat izatea. Etxekoekin maila mantentzeko gai ez garenean, behera egingo dugu eta kitto».
Azken finean, Arrietaren ustez, argi zegoen Lehen Maila motza geratu zitzaiela. «Merezita irabazi genuen Liga, denboraldi guztian bi partida bakarrik galduta». Lorpen horri esker, Liga bukatzeko lau jardunaldi falta zirenean, igoera lortua zuten. «Liga tentsio handiarekin osatu dugu, baina taldeak sekulako heldutasuna erakutsi du».
Bere buruari dagokionean, ezin alaiago dago Arrieta, Eason urteak zeramatzan arren, lehen urtea baitzuen maila horretako entrenatzaile bezala. «Aspaldi aritu nintzen maila erdi profesionaletako taldeak entrenatzen, baina gero atsedenaldia hartu nuen. Easora itzuli nintzenean, beheko mailetan aritu nintzen, iazko denboraldira arte». Taldearen jarduna ikusita, igotzeko borrokan egotea espero zutela, baina ez halako erraz aritzea. «Partidaz partida taldeak goruntz egin zuen eta jokalariek ilusio handia zuten. Abenduan konturako ginen igoera lor genezakeela».
Oso jokalari gazteak
«EBA mailan talde gazteena dugula ziurtatuko nuke, juniorrekin osatutakoa baita, hau da, 17-18 urtekoak», dio harro Arrietak. Ligaren funtzionamenduaren inguruan, ezer gutxi dakite oraindik. «Baliteke Liga bi multzotan osatzea; gurean, Euskadi, Burgos, Logroño, Santander edota Zaragoza egongo lirateke. Gero, talde onenek egingo lukete aurrera, baina oraindik ez dute guztiz erabaki». Edonola ere, bere taldeak ongi erantzungo duela uste du: «Lehiakorrak izango garela uste dut, baina ez dakit zein mailara arte».
Honakoek osatuko dute datorren denboraldiko taldea: Iñaki Nagore, Endika Egimendia, Imanol Millares, Iker Arrieta, Oskar Esnaola, Pablo Arenaza, Iñaki Elizegi, Daniel Alonso, Manex Eizmendi, Fermin Rodriguez eta Lander Segurola. Hala ere, agian beste jokalariren bat igo beharko dute, iazko taldetik lau baja izan baitituzte: Mikel Motos eta Dario Brizuela, goi mailako taldeen eskaintzak izan dituztelako; eta Xabier Zubimendi eta David Rodriguez, lan kontuengatik. «Motos eta Brizuela baja garrantzitsuak diren arren, beheko jokalariekin talde lehiakorra osatzeko asmoa dugu».